Ipuinak pentsatzeko unea

Irati Saizar Artola 2019ko mar. 15a, 19:57
Iazko Mikro Ipuin Lehiaketako sari banaketa.

Bigarren urtez jarraian, Mikro Ipuin Lehiaketa antolatu dute Berastegin; herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera.

Adin guztietako herritarrak animatu nahi ditu Berastegiko Udal Liburutegiak, II. Mikro Ipuin Lehiaketan parte hartzera. Martxoaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Iaz egin zuten, lehen aldiz, lehiaketa hori, eta Arritxu Uranga egungo udal liburuzainak azaldu duenez, «arrakastatsua izan zen, eta aurten berriro egitea da gure asmoa». Iaz 45 lan jaso zituzten, eta «kopurua mantendu edo gehiago jasotzeko esperantza» dutela dio.

Martxoaren 29a baino lehen udaletxeko postontzira bota beharko dira lanak. Lehiaketan parte hartzeko gutxieneko baldintza Berastegiko herritarra izatea izango da, baita lana euskaraz izatea eta 100 hitz baino gutxiagoko ipuina idaztea ere. Gaia librea izango da eta bakoitzak nahi adina mikro ipuin aurkeztu ahalko ditu. Urangak eman ditu xehetasun gehiago: «Egileak lanaren kopia bat aurkeztu beharko du, ordenagailuz egina, Arial 12 formatuan eta 2ko tartearekin. Izenburu bat ere izan beharko du, baina ezin du sinatuta joan. Gutun azal batean entregatuko da, eta lehiatuko den kategoriaren zenbakia idatzi beharko du agerian. Beste gutun azal batean, lanaren izenburua idatzi beharko da kanpoaldean eta, barruan, egilearen izen-abizenak, helbidea, adina, telefonoa eta e-maila idatziko dira».

Adinaren arabera, kategoria ezberdinak jarri dituzte. Hiru, guztira: lehena, Lehen Hezkuntzako ikasleena (12 urte arte), bigarrena, DBHko ikasleena (12-16 urte artekoak) eta, hirugarrena, helduena (16 urtetik gora). Sariak ere, kategoria bakoitzaren araberakoak izango dira. Bakoitzetik lehen postuan geratzen denak, 50 euro eta Elkar liburu dendan erabiltzeko txekea jasoko ditu; bigarren egiten duenak, berriz, 30 euro eta Elkarreko txekea.

Epaimahaia arduratuko da, aurrez sarituak izan ez diren eta argitaratu gabe dauden obrak ote diren ziurtatzeaz. «Originaltasuna, euskara maila eta narrazioaren egitura hartuko dira kontuan», Urangaren arabera.

Sarituen izenen berri emateko ekitaldia apirilaren 14an izango da, 19:00etan, Berastegiko liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!