Ateak jo dituzte Gazte Festek

Ateak jo dituzte Gazte Festek

Bihar, estreinakoz, herri bazkaria egingo dute; aldaketarekin, «larunbata indartu» nahi izan dute.

Pasa den asteburuan berotu zituzten motorrak, berastegiarrek, Gazte Festetarako. Larunbatean jokatu zituzten mus txapelketa eta frontenis txapelketako finalak. Gaurtik hasita, ordea, egitarau oparoagoa dute aurretik.

Asteburu bat prestatzen joateko eta, bigarrena, guztia emateko. Prestaketa fase horretan jokatu zuten, pasa den larunbatean, mus txapelketa, Urepele elkartean. Guztira, herriko hamar bikotek hartu zuten parte eta, azken partidara iritsi zirenak, Xabier eta Beñat Egialde aita-semeak eta Julen Sarasola eta Julen Labaien izan ziren. Alde handiegirik gabe irabazi zuten Egialde aita-semeek.

Mus partidek irauten zuten bitartean jokatu zituzten frontenis txapelketako finalak. Azken hilabeteak frontoian sartuta eman dituzte batek baino gehiagok, partidak gora eta behera. Lehenik, partida mistoa jokatu zuten; Mireia Barriolak eta Oier Garaiburuk lortu zuten irabaztea, Olaia Garaibururen eta Ibon Garaibururen aurka. Nesken binakako partidak eman zion jarraipena festari. Aiora Lasartek eta Eukene Barriolak mendean hartu zituzten Leire Garziarena eta Olaia Garaiburu. Jarraian, mutilen binakakoa jokatu zuten, eta Unai Onsalo eta Mattin Intxaurrondo izan ziren garaile, Ander Zubillaga eta Ibon Garaibururen aurrean. Mutilen buruz burukoa izan zen jokatutako azkena. Iker Saizarren eta Ander Zubillagaren artean egon zen txapelduna, eta Saizarrek eskuratu zuen garaipena.

Aurtengoak, aldaketekin

Urepele Elkarteak antolatzen ditu festa hauek eta, aurten, lehen aldiz, herri bazkaria egingo dute, bihar eguerdian. Orain arte, gaurko egunez egiten zuten herri afaria, baina, aurten, «festari buelta bat eman» nahi izan diote antolatzaileek, eta «larunbata indartzeko» futbol partida, txakolin dastatzea eta herri bazkaria antolatu dituzte. Kartelean jarri duten moduan, «zahartzen ez diren arimentzat» prestatu dituzte festak. Horrela, gaur, musika frontoian egon partez, Urepelen izango dira, Nomadak eta Eztanda taldeen kontzertuak.

EGITARAUA

MARTXOAK 15, OSTIRALA

18:00. Drogei buruzko tailerra Ailaket!-en eskutik, erabilera anitzeko gelan.
19:30. Pintxo-potea herrian zehar.
Jarraian. Urepele elkartean bokadiloak jarriko dituzte.
23:00. Nomadak eta Eztanda taldeen kontzertuak Urepele elkartean.

MARTXOAK 16, LARUNBATA

11:00. Futbol partida, Berastegi eta Idiazabalen artean.
12:00 Txakolin dastatzea izango da, plazan.
14:30. Herri bazkaria erabilera anitzeko gelan.
19:30. Beietz! taldearen kontzertua biltokian.
21:30. Zahagi ardoa aparkaleku azpian. Edaria Urepelek jarriko du eta jatekoa bakoitzak berea eraman beharko du.
Jarraian. Bingoa.
00:30. Erromeria, frontoian, Oharkabe taldearen eskutik.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!