Bihar hasiko dituzte inauteriak berastegiarrek

Irati Saizar Artola 2019ko ots. 21a, 19:59

Bihar eguerdian hasiko dituzte inauteriak, Berastegin. Pintxo pote mozorrotuarekin amaituko dute eguna, eta larunbata izango dute indartsuena, goizetik gauerako egitaraua antolatu baitute.

Kaldereroentzat lekurik utzi gabe ospatu ohi dituzte inauteriak, Berastegin. Bihar eguerdian hasi, eta larunbatean egun guztiko egitaraua antolatu dute.

Orain arte, ez dute lortu ostiralean jende guztia kalera mozorrotuta irtetea eta, aurten, hori bultzatu eta nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: «Pintxo potera mozorrotuta ateratzeko deia egin nahi diegu herritarrei, inauteriei kolore pixka bat ematea garrantzitsua iruditzen baitzaigu». Pintxo potearen aurretik, herriko gaztetxoek ikasturtean zehar ikasi dituzten dantzak eskainiko dituzte herritarren aurrean eta, haiei musika jartzen, herriko txistulari zein trikitilariak arituko dira.

Larunbatean bai, jendeak badu mozorrotzeko ohitura. Normalean, taldeka egiten dute eta, bazkaldu aurretik, mozorro desfilea eta koreografia ikuskizuna egiten dute plazan. «Urtetik urtera jende gehiago ari da animatzen, eta pozgarria da, ikustea, jendeak zenbat denbora eskaintzen dion desfilea prestatzeari», azaldu dute antolatzaileek. Giroa berotuta izaten dute ordurako, aurretik, hamaiketakoa egin, eta jolasak egiten baitituzte. Emanaldiaren ostean, bazkaltzera eseriko dira herritarrak, eta bazkaria norberak eman beharko du; antolakuntzak ogia, edaria, kafea eta kopak jarriko ditu. Bazkalondoren, iazko «arrakasta mantendu» nahi izan dute, Matraka elektrotxarangarekin. Herriko tabernetan barrena buelta bat emango dute. Gauerako, berriz, luntxa prestatuko dute, Urepele Elkartean, eta DJ Josu Rodriguezek alaituko du gaua.

Egitaraua

Otsailak 22, ostirala

4:45. Eskolako haurrek desfilea egingo dute. Eskolatik abiatu, eta herrian zehar buelta egingo dute.
16:00.
Desfilearen amaiera, eskola atarian dantza eginez.
Ondoren.
Txokolate jatea, Guraso Elkartearen eskutik.
17:30.
Haurren dantza, trikiti eta txistu emanaldia eskola atarian.
19:00.
Pintxo potea. Mozorrotuta joan beharko da.

Otsailak 23, larunbata

11:30. Hamaiketakoa plazan, Urepele elkartearen eskutik.
Jarraian.
Altxorraren bila jokoa gazte zein helduentzat.
13:00.
Mozorroen desfile eta koreografiak, plazan.
14:00.
Herri bazkaria.
18:00.
Matraka elektrotxaranga, tabernaz taberna.
Iluntzean.
Luntxa eta DJ Josu Rodriguez, Urepele elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!