"Erakustaldia egitera joatea, abuztuan oporretara joatea bezalakoa zen"

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 30a, 09:18

Motozerra hartu eta plazaz plaza irudiak egiten ibili da azken hogei urteetan berastegiarra. 63 urte bete ditu, eta penaz bada ere, ibilbidea amaitzea erabaki du.

Koaderno batean ondo kontatuak ditu Luis Erasok (Berastegi, 1955) motozerrarekin egindako erakustaldiak: 789, ez bat gehiago, ez bat gutxiago. Egurra izan du ogibide azken hogei urteetan eta irudiak eta altzariak egitetik bizi izan da. Motozerrarekin ibiltzen denak «berezkotik» ere behar duela argi du Erasok, egurra markatu gabe egiten baitute lan askotan.

Iritsi da eguna plazak uztea edo erritmoa behintzat jaistea erabaki duzuna.

Bai, 63 urte bete ditut eta lehengo urtean, zehazki urriaren 13an egin nuen azken erakustaldia. Orain arte autonomo bezala aritu izan naiz, eta orain, jubilatzea pentsatu dut.

Noiz hasi zinen motozerrarekin lanean?

1997 inguruan hasi nintzen herriko festa batzuetan. Gaztetan aizkorarekin asko ibilia nintzen, 40 urtera arte edo. Mendian ere asko ibili izan naiz lanean motozerrarekin, eta zerbait berria sortu nahian hasi nintzen. Herriko festetan, motozerrarekin aulki bat egiteko konkurtso bat jarri genuen 5 lagun inguruk, eta hasiera harekin eman genion. Urteak pasa ahala lan zailagoak jarri genituen eta inguruko herrietatik deitzen hasi ziren erakustaldiak egitera joateko.

Ez zinen bakarrik ibiltzen, ordea.

Ez, hasieran lau lagun ibiltzen ginen. Gero, krisia tarteko, bi edo hiru lagun joaten hasi ginen, udaletako aurrekontuak ematen zuenaren arabera. Azken urteetan, bakarrik aritu naiz. Bakarrik hasi nintzenean, beste modu bateko lanak egin behar izaten nituen, zeren, taldean joaten nintzenean, taldeko lana egiten genuen: gizon bat astoa eta karroarekin edo artzaina, txakurra, ardia eta arkumearekin, eta horrelakoak.

Zozketa egiten zenuen, gero.

Plazetan egindako lanak beti herriarentzat utzi izan ditut. Zeren, haiek lana eta egurra ordaintzen dute. Herri gehienetan zozkatu egiten dituzte eta normalean, zozketarako txartelak nik eramaten nituen.

Pabiloi bat ere baduzu lantegi moduan. Noiz eraiki zenuen?

2005ean egin nuen. Plazetara joaten ginen garaian, jendeak enkarguak egiten zizkidan, eta pabiloi bat egitea pentsatu nuen. Txoko batean nik egindako lanak dauzkat ikusgai, erakusketa moduan eta, bide batez, saltzeko ere bai. 80 bat figura desberdin egongo dira.

Herrian hasi eta Euskal Herritik kanpora ere ibili izan zara.

Herritik pixkana zabaltzen hasi ginen, eta ahoz ahokoak lagunduta, leku askotara iritsi naiz. Ciudad Real, Jaen, Teruel eta Gironara, adibidez. Herri haietan Euskal Herrian baino gutxiago ezagutzen dute lan hau, eta hemen baino gehiago harritzen da jendea. Euskal Herrian lan berezi samar bat egin behar duzu jendea harrituta geratzeko.

Euskal Herritik kanpora ohikoa da motozerrarekin irudiak egitea?

Bai, badaude zonalde batzuk erakustaldiak eta egiten dituztenak. Baina, normalean, makinerien ferietan eta aritzen dira, ez herriko festetan. Eta lana ez da berdina. Azoketan makinak nola funtzionatzen duen erakusteko 3 orduko saioak egiten dituzte, baina herriko festetako erakustaldietan bestelakoa da. Ordu eta laurden inguru izaten genuen, eta figura bukatu beharra daukazu, eta erritmo handian lan egin behar izaten da.

Eta Euskal Herrian bada zaletasunik?

Ez hainbeste. Guk hasieran egiten genituen lanetarako bai, aulki bat egiteko, adibidez. Baina hortik aurrera ez. Gaur egun, adibidez, Azpirozko bat dabil motozerrarekin lanean, eta egiten dizkidaten deiak hari bideratzen dizkiot.

Oraindik, orduan, deiak jasotzen jarraitzen duzu.

Bai, aurreko astean Terueldik kasu egin zidaten eta duela bi aste Soriatik. Eskaintza horiek entzutean sekulako tentazioa izaten dut joateko. Izan ere, lehen, erakustaldi bat egitera joatea, abuztuan oporretara joatea bezalakoa zen .

Denborarekin aldatu al da zure lan egiteko modua?

Bai, asko. Hasi ginenean ez geneuzkan gaur egun dauzkagun makinak. Beste akabera bat ematen diegu gaur egun figurei, bereziagoak dira.

Figurak ere plazaz plaza aldatu egiten zenituen?

Bai, hamabi figura inguru dauzkat desberdinak, eta herri batean zer lan egiten nuen apuntatu egiten nuen, berriz bueltatuz gero, lana ez errepikatzeko.

Jendeak asko eskatzen du?

Ez pentsa. Lehen, etxeak apaintzeko kapritxo gehiago zuen jendeak, eta orain hori asko galdu da. Orain norbere etxeetara familiako eta jende gutxiago eramaten dugu, ez daukagu hainbesteko grinarik apaintzeko. Gaur egun, ordea, jendea tabernan eta elkartean biltzen da.

Motozerrarekin ibiltzeari etorkizunik ikusten diozu?

Horretatik bakarrik bizitzeko, akaso ez. Nik plazakoari pabiloian egindako lana gehitu diot. Baina plazakoarekin bakarrik bizitzeko zaila ikusten dut, gu hasi ginenetik hona festa egiteko modua ere asko aldatu da eta orain zailagoa ikusten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!