Larre komunalen proiektua, abian

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 10a, 08:00

Berastegiko Ganaduzaleen Elkartea sortzear dira, larre komunal bat prestatu, eta ganadua mendira eramateko. Datorren udaberrian egingo dituzte itxiturak.

Lursail bat txukunduta, itxitura egokiekin eta hainbat abererekin. Horixe prestatzen ari dira berastegiarrak, San Lorentzo eta Gorosmendi inguruko eremuetan, ahal dela uda aldean, herriko larre izateko.

Iazko udan hasi ziren garbiketa lanak egiten. Guztira, 175 hektareako eremua dela argitu du Amaia Azkue Berastegiko alkateak, baina, momentuz, zatika hasi dira egiten. Garbitu duten zati horretan sail gehienak herrikoak dira, baina, beste hamar bat sail partikularrek utzi dizkiote Etorlurri: «Horiekin, jabeek lagatze hitzarmenak sinatu dituzte foru aldundiaren, larreak haien esku 15 urterako utziz».

Behin garbiketa eginda, elkarte bat sortzea da proiektuaren hurrengo pausoa. Larre horien erabilera ahalbidetzeko, elkarte bat sortzea ikusi dute aukerarik seguruena. «Larreak publikoak izango direnez, erabilera norentzat izango den, edo ganadua hara nork eraman ahal izango duen erabakitzeko, lizitazio bidez zehazten da. Elkarte bat sortzen badugu hobe izango da». Berastegiko Ganaduzaleen Elkartea deituko diote eta, dagoeneko, 10 ganaduzale inguru prest agertu dira kide izateko.

Garbiketak egiteko diru partida Etorlurrek jarri du: «Oraingoz, 20 mila euro erabili ditugu eta, datorren urterako, udalak 30 mila euroko partida jarri du lan horiek aurrera eramateko». Foru aldundiak urtarrilean ziurtatuko du lagunduko duen edo ez; Azkuek azaldu du, normalean erabiltzen duten irizpidearen arabera, gutxienez udalak jartzen duen adinako aurrekontua jartzen dutela azaldu.

Egun eremu horietan dagoen lurrari belaze izaten laguntzeko, azterketa bat egitea ere aurreikusi dute. Lur lagin bat hartu, eta Fraisorora eramango dute; han aztertuko dute zer erantsi edo gehitu behar zaion: «Bazka ona izateko aztertu egingo dute karerik, fosfororik edo horrelakorik falta zaion».

ITXITURA ETA URA

Ganaduek alde egiteko arriskurik izan ez dezaten, itxitura egokiak egitea beharrezkotzat jo dute. Udaberri aldean lanean hasteko asmoa dute.

Horrez gain, urik ezin falta. Berez, hainbat aukera daude: «Aztertzen aritu gara ea lur azpian ura badagoen, eta atera ditugu ura egon daitekeen puntu batzuk. Horrek, ordea, nahiko kostu altua dauka, eta ganaduzaleek zisterna bidezko sistema ikusten dute egokien». Gaur egun, hormigoituta dago Gorosmendiraino iristen den bidea, beraz, irisgarritasun aldetik ez dago arazorik. Aukerak aztertzen jarraituko dute, ordea: «Oraingoz ez dugu jarriko ur sistema definitibo bat eta, gaur-gaurkoz, dauden mendiko urak ere aprobetxatuko ditugu, badirelako agortzen ez diren iturri batzuk».

LEHEN SEKTOREA INDARTZEN

Lehendik saiakerak egin izan dira, Berastegin, larre komunalak egiteko. Proiektu honekin, ordea, lehen sektoreari bultzada eman nahi izan diote udal taldekoek: «Orain arte egindako bileretan ganaduzaleei erakutsi nahi izan diegu sinesten dugula proiektu honekin».

Ganaduzale asko dago Berastegin; Azkueren arabera, 70 pertsona inguru. Batzuk prest daude, ireki orduko, ganadua larrera eramateko; beste hainbatek, ordea, nahiago izan dute denbora hartu. «Egia da batzuek euren lursailak mantentzeko adina ganadu dutela, eta ez dutela behar larre hori. Baina, baliabideak edukitzeak, bultza lezake ganadu gehiago ekartzea. Edo, bestela, ganadua nahi baina lursail faltagatik abererik ez duena, anima daiteke ekartzera».

Naturari begira ere jarri dira, eta ikusi dute nola dauden hainbat leku, sasiak hartuta. «Horrek herriarentzat dituen arriskuak aurreikusi ditugu». Eta Azkuek ez dio garrantzirik kentzen turismoari ere: «Jendea gertura daiteke, izan daiteke leku hori erakargarri. Berastegitik gertu dauden eremuak dira, eta edozeinentzat dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!