«Europa Iparraldekoekin alderatuz, normalean atzetik ibiltzen gara»

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 27a, 12:00

Hemezortzi urte dituen Mikel Plazas eskiatzaile berastegiarra gustura dago Europa mailako lasterketan lortu berri dituen emaitzekin.

Mikel Plazas (Berastegi, 2000) eskiatzaileak Espainiako selekzioarekin parte hartu du Europa mailako iraupen eskiko probetan aurreko bi asteburuetan.

Espainiako selekzioarekin lehiatu zara Europa mailako lehiaketetan. Nola iritsi da aukera hori?

Italian azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean eta 2an sailkapen probak izan genituen. Hor postua lortu nuen, eta Espainiako selekzioak Europako Kopan parte hartzeko aukera eman zigun.

Suitzan eta Italian lehiatu zara. Zein izan dira emaitzak?

Suitzan Campran lehiatu nintzen, eta esprintean hamabosgarren postuan sailkatu nintzen, baina final laurdenak espero baino okerrago atera zitzaizkidan eta ez nuen finalerdietarako sailkatzea lortu. Baina gustura nago egindakoarekin. Hamar kilometroko proban nahiko gustura ibili nintzen eta 42. postua egin nuen sailkapen orokorrean. Junior mailan, aldiz, 28. postua lortu nuen. Italian, Valdidentron, Europako Kopako txapelketan, junior mailan, esprintean ez genuen sailkatzea lortu, baina gustura nago lortutako 61. postuarekin; skatineko hamar kilometroko 62. postuarekin ere oso gustura nago; eta 15 kilometro dituen proba klasikoan 72. postua lortu nuen. Karrera txarra izan zen. Orokorrean gustura aritu nintzen, asteburu polita izan da.

Zein izaten da zure erronka horrelako probetan?

Espainiako selekzioarekin joaten garenen artean lehenengoa postua lortzea izaten da asmoa, eta gero orokorrean ahal den postu onena lortzea.

Lehenengo urtea da parte hartzen duzula Espainiako selekzioarekin?

Aurreko urtean ere egin nituen pare bat irteera. Bestela, uda aldean talde askok batera entrenatzen dugu, kataluniarrekin eta Aragoikoekin aritzen gara, eta Espainiako hautatzailea ere etortzen da, talde giroa sortzeko.

Eta zer suposatzen du zuretzat Europa mailako txapelketetan parte hartzea?

Azkenean kanpoan lehiatzea da, eta ahal dela hobetzen joatea. Egun Imanol Rojo tolosarra Munduko Kopan lehiatzen da, eta ea egunen batean guk hori lortzen dugun. Olinpiar Jokoetara iristen bagara, askoz hobeto, hori guretzako geldituko baita azkenean.

Eta zer moduz moldatzen zarete Europan Espainiako selekzioarekin joaten zaretenak?

Europa Iparraldeko herrialdekoekin alderatuz, normalean atzetik ibiltzen gara, baina aurten oraingoz ateratzen ari garen emaitzak ez dira hain txarrak. Ni behintzat gustura nago, eta beste bi edo hiru kide postu hobeagoak lortzen ari dira, eta ez da txarra, egia esan. Noski, Europa Iparraldekoak, norvegiarrak-eta, askoz hobeto ibiltzen dira, eta italiarrek ere sekulako maila dute.

Junior mailan lehiatzen zara. Nola dago mailakatua?

Bi junior maila daude. Lehenengo juniorrak 16tik 18 urte bitartekoak dira. Besteak 18tik 20 urte artekoak dira. Bigarren talde horretan ari naiz ni, lehen urtea dut.

Eta nola moldatzen zara?

Bada ohitzen joan behar gara, laster maila absolutuan sartuko garelako eta hor 30 urtekoekin-eta lehiatzen hasi beharko dugulako.

Eta Europako proba horiek bukatu eta gero, zein beste proba dituzu denboraldi honetarako?

Hurrengo proba gehienak Espainia mailan izango dira, eta nire esperantza da podiumean sartzea, aurreko urtean baino gehiago, behintzat.

Aurreko denboraldian zer emaitza lortu zenituen Espainiako Txapelketan ?

Klasiko proban laugarren geratu nintzen, eta skatinekoan hirugarren egin nuen. Gero Kopa izeneko lehiaketa izaten da. Karreretan egindako emaitzekin lortutako sailkapena izaten da. Eta orokorrean eta esprintekoan lehen postua lortu nuen.

Eta hurrengo Espainiakoan zein da zure asmoa?

Ea aurreko urtean baino hobeto egiten dugun. Azkenean bost edo sei izaten gara segundo gutxitan sartzen garenak, eta lehia hor izaten da.

Nola sartu zinen eskiaren munduan?

Txiki txikitatik sartu nintzen; gurasoek sartu ninduten. Beraiei gustatzen zitzaien, eta nire arreba eta niri, hazten joan garen heinean, gustatu egin zaigu eta beti jarraitu izan dugu. Urtero-urtero eskiatzera joaten ginen eta ez dugu utzi. Ez naiz gogoratzen noiz hasi nintzen zehazki lehiaketetan parte hartzen; nahiko txikitan izango zen.

Eta beste kirolik praktikatzen duzu?

Beste kirolak praktikatzeko garaia uda aldea izaten da. Normalean korrika aritzen naiz, bizikleta ere asko egiten dut, baina gehiena rolleskia izaten da. Eskiaren berdina da, baina errepidean ibiltzeko. Eski batzuk baino txikiagoak dira eta gurpilak dituzte aurrean eta atzean. Errepidean, portuak igotzen-eta aritzen gara.

Imanol Rojo aipatu duzu lehen. Berarekin elkartzen zara entrenatzeko?

Egia esan Imanol normalean kanpoan izaten da, baina etxean dagoenean, eta posible bada, gustatzen zait berarekin entrenatzea. Bera da oraintxe Munduko Kopan lehiatzen ari dena, eta guretzako eredu bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!