Aurrekontua hizpide, Berastegiko herri batzarrean

Irati Saizar Artola 2018ko abe. 21a, 08:57

2019ko aurrekonturako, proiektu «txikiak baina sakonduta» aurreikusi ditu Berastegiko Udalak. Atzo iluntzean egindako herri batzarrean aurkeztu zuen udal taldeak datorren urtera begirako aurrekontua.

Azaroko azkeneko ohiko batzarrean aho batez onartu zuten EH Bilduk egindako proposamena, eta bere argitalpenak eduki ondoren, eta hilabete jendearen aurrean egon ondoren, abendu bukaeran emango zaio behin betiko onarpena. Amaia Azkue Berastegiko alkateak azaldu duenez, osatu duten aurrekontuan ez dute proiektu «potolorik» sartu. Guztira, 1.091.650 eurokoa onartu dute, iaz baino 120 mila euro baxuagoa.

Hurrengo urtera begira, gauza txikiak dituzte esku artean, «txikiak, baina gehiago sakonduta». Besteak beste, errepideen konponketa lanak, Artalekuko lurren azterketa, larre komunalen proiektua eta komunikazio plana.

Puntuz puntu

Asfaltatze lanak egiteko asmoa dute herriguneko bi eremutan: «Alde batetik, Izotzalde auzoan 300-400 metroko bide bat daukagu, etxebizitzak dauden eremu bat da eta negurako eta bestela ere, gune nahiko arriskutsua da». Beste eremua herri sarreran dago, Leitza eta Tolosa batzen dituen errepidetik eskolaraino doan bidea da berritu nahi dutena. Lan hauetarako 25 mila euro jarri dituzte, eta epe motzera hasteko asmoa agertu dute. «Urtarrilean hasiko direla hitz eman digute», zehaztu du Azkuek.

Azken urteak herrigunetik kanpo geratzen diren errepideak, baserri bideak, konpontzen daramatzate, eta lan horiekin jarraituko dute datorren urtean ere; 23 mila euro aurreikusi dituzte. «Egia esan, herritarrek eskertu egiten dute. Izan ere, kasu gehienetan ustiapen guneak daude, eta horietarako foru aldundiaren laguntza jaso ohi dugu. Laguntzaz gain, udalak bere aurrekontu propiotik ere jarri izan du eta horretan jarraitzeko asmoa daukagu».

Irisgarritasunak duen garrantziaz ohartuta, espaloietako lanek jarraipena izango dute: «Herrian daukagun irisgarritasun plan horretan, espaloiak berritzen ari gara, eta hutsuneak dauden guneetan espaloien loturak egingo ditugu. Oinezkoen segurtasuna bermatu nahi dugu».

Beste puntuetako bat, Aintzerga auzoan dagoen Artaleku eremuko lurren azterketa da. Herriko Plan Orokorra osatu zutenean industriagune izaera ematen saiatu ziren eremu horri, etorkizun batean, industria garapena aurrera eramateko gune bilaka zedin. Momentu hartan, ezezkoa jaso zuten, izan ere, lur kutsatu bezala izendatuta zegoen. «Gure interesa lur hori egoki jartzea da eta diru laguntzak eskatu ditugu Eusko Jaurlaritzara, lurraren azterketa bat egiteko». Ez baitakite zenbateko eremua dagoen kutsatuta. «Ikusten genuen egin beharra zegoela, beti utzi eta utzi ari ginen, eta hortik hastea egokiena zela pentsatu genuen».

Bestalde, komunikazio plan bat egitea aurreikusi dute datorren urterako. Batez ere turismoari begira, herrian zer daukaten jakin nahi dute, eskaintzeko dutenaz jabetzea da helburua. «Horrekin batera, hezkuntza plana sartu nahi genuen, zer nahiko genukeen Berastegitik pasatzen diren ikasleek Berastegiri buruz jakitea».

Parte hartzearen emaitzak

Aurrekontuaz gain, atzo jakinarazi zieten herritarrei azaroan egindako parte hartze prozesuaren emaitza. Mediku kontsulta zaharreko eraikinean aterpetxea eraiki edo gimnasio eta erabilera anitzeko gelak egin, horiek ziren aukerak. Bada, bigarren aukera izan da boto gehien jaso dituena, zehazki, 257 bozkarekin. Aterpetxeak, 153 boto jaso ditu, eta 6 lagunek bozkatu dute zurian.

Azkue «pozik» agertu da jendearen parte hartzearekin: «901 pertsona zeuden deituta, eta guretzat oso-oso pozgarria izan dena da %47ak hartu duela parte». Datorren urtean zehar landuko dute proiektua; diru laguntza ezberdinetara aurkeztuko dute, eta erabilera anitzeko geletarako aukerak aztertuko dituzte. Horrela, 2020ko aurrekontuan sartzeko moduan izango direla ikusten du Azkuek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!