Kontsulta zaharrarekin zer egin, igandera arte erabakitzeko aukera

Irati Saizar Artola 2018ko aza. 21a, 13:58

Berastegiko Udalaren eraikin horretan aterpetxe bat edo erabilera anitzeko gune bat jartzeko parte-hartze prozesua apirilean hasi zuten. Igandera arteko epea dago bozkatzeko.

Berastegiko aterpetxea edota gimnasioa eta ikastaro ezberdinak egiteko erabilera anitzeko gunea. Horiexek dira apirilean hasitako parte-hartze prozesutik hona landu dituzten bi proiektuak. Prozesuan zehar, herritarrek proposatutako ideia guztiak bi proiektutan bildu nahi izan dituztela adierazi du Amaia Azkue Berastegiko alkateak. Azaroaren 25erako bozkatu beharko dute herritarrek proiektu bat hala bestea nahi duten.

Batetik, aterpetxearen ideia daukate mahai gainean. 28 bat lagunentzako edukiera izango luke. Beheko solairuan, jantokia, komuna, biltegia, apartamentu egokitua eta portxea izango lituzke; eta lehen solairuan, logelak, komunak, dutxak eta balkoiak. Azkueren esanetan, «horrelako proiektu bat aurrera eramateko daukagun eraikin publiko bakarrenetakoa da».

Herritarrek zuzenean erabiliko ez duten zerbitzu bat eskainiko luke proiektu horrek, baina, etorkizunean garapena izan lezakeen proiektu moduan ikusten du Azkuek. «Herriko lehen sektore eta hirugarren sektoreari bultzada emateko asmoa dago proiektu honekin, baita herrian dauden lanbide ezberdinak ezagutaraztekoa ere». Izan ere, ez luke sukaldatzeko lekurik izango aterpetxeak, beraz, ostatu hartzen dutenek herriko denda, taberna, jatetxe eta zerbitzuak erabiltzera bultzatu nahi dituzte. «Herriaren ezagutza zabaltzeko ere baliagarri izan daiteke, izan ere, familia, ikastetxeetako ikasle, mendi elkarte eta aisian Berastegi bisitatu nahi duen edonorentzat egongo da zabalik».

Beste proiektua, gimnasioa eta ikastaro ezberdinak egiteko erabilera anitzeko gunea da. Etxebizitzako solairu banatan proposamen ezberdin bat planteatu dute. Beheko solairuan, sukalde gela, erabilera anitzeko gela, komuna, biltegia, zerbitzuak emateko gela eta portxea izango lituzke. «Solairu horretan, sukaldea jartzearekin erabilera anitzeko gune osatuago bat jartzea da asmoa. Orain arte, herriko beste elkarteei eskatzen genien edozein gauzetarako sukaldea, eta gune horrekin, ikastaro ezberdinak emateko aukera zabaldu nahi dugu». Sukaldeaz gain, zerbitzuren bat emateko gela ere prestatzeko asmoa dute: masajista, ile-apaintzaile, edota podologo zerbitzuren bat. Lehen solairuan, gimnasioa joango litzateke bi gunetan banatuta. Gela batean, makinak egongo lirateke, bereziki mugimendu asko eskatzen dutenak. Beste gelan, berriz, pisuak altxatzeko eta mugimendu motelagoak eskatzen dituen ariketak egiteko gunea egokituko lukete. Komunak ere izango lituzke solairu horrek, baina, «leku faltagatik» dutxak jartzerik ez dutela izango nabarmendu du Azkuek.

Kostuei dagokienez, aterpetxearen proiektuak 300 mila euroko inbertsioa eskatzen du, eta erabilera anitzeko gelak 260 mila eurokoa. Hori, eraiki arteko gastua, eta hortik aurrera, garbiketa eta mantentze lanak ordaindu beharko lirateke. Diru sarreren kasuan, erabiltzaileek erabilitako zerbitzua ordainduko lukete bi kasutan.

Behin proiektu bat hautatuta, erakunde ezberdinek irekitzen dituzten diru laguntzetara aurkeztuko dute: «Berastegi bezalako herriarentzat, bi proiektuetako bat aukeratzen dela ere, gure inbertsio guztiak horra bideratzea ez dugu bidezkoa ikusten, urtean zehar gauza gehiago ere eraman behar direlako aurrera».

Proiektu batek edo besteak diru laguntzetarako aukera ezberdinak ematen ditu. «Biak dira herriaren garapenerako eta udalak bere inbertsioetatik kopuru bat jartzen badu, zenbait diru laguntza lerrotan hori kontutan hartuko digute, baina, batek lehen sektorea eta bertako produktuen bultzada ematen duenez, beste lerro batzuk irekiko lizkiguke».

BOZKETA, IGANDERA ARTE

Aurten 16 urte bete dituztenek eta hortik gorakoek daukate bozkatzeko aukera. Etxez etxe banatu dituzte bozkak, eta udaletxeko administrazio solairuan bozkatu daiteke, edo baita karreapean dagoen postontzian ere, igandea baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!