Azoka eguna ospatu dute Berastegin

Irati Saizar Artola 2018ko aza. 4a, 16:29

Kultur asteari azoka egunarekin ematen diote urtero amaiera berastegiarrek. Arratsaldean, talo-jana eta arroz-esne dastaketa izango dituzte frontoian. 

Ahaztua zuten berastegiarrek zer zen azoka herriko plazan egitea. Urteak dira eguraldiagatik frontoian egiten dela, eta aurtengoa aprobetxatu dute plazan egiteko. Ertz bakarra ere ez da geratu ezer jarri gabe, eta jendetza inguratu da; batzuk erosketetara, besteak ikusmirara, baita pintxoren bat dastatzera ere. 

Eguerdian, azokari amaiera eman aurretik, sari banaketa egin dute. Lehenik, argazki rallyarena. Urteroko legez, bi modalitatetan parte hartzeko aukera izan da, analogikoan eta digitalean. Analogikokoen gaia "oreka" izan da, eta Idoia Labaienek eskuratu du lehen saria. Bigarrena, Jaione Barriolarentzat izan da, eta Amparo Villabonak eskuratu du hirugarren saria. Digitalean, berriz, "goxotasuna" gaitzat hartuta egin behar izan dituzte argazkiak, eta Julene Arejulak irabazi du. Bigarren saria, Maider Labaienek jaso du, eta hirugarrena, berriro ere Amparo Villabonarentzat izan da. 

Jarraian, X. arrozesne lehiaketako sariak banatu dituzte. Guztira, 18 parte hartzaile izan dira, eta epaimahaiak hala erabakita, Olatz Etxeberriak egin du denetan goxoena. Marixol Atxukarrok bigarren saria jaso du, eta Ixiar Zubillagari egokitu zaio hirugarrena jasotzea. 

Horren ondoren, Inma Artolari eman diote saria; herritarrek jarritako 21 posturen artean, "postu hoberena" izendatu dute. Bestetik, ahari, ardi eta bildots lehiaketa ere egiten da. Animalien morfologia hartu ohi dute kontutan epaileek, eta honakoak izan dira irabazleak: ahari hoberena Joxe Miel Urkizuk ekarri du, ardi hoberena Jose Inazio Ugartemendiak, eta bildots hoberena Iker Ugartemendiak. 

Eta sari banaketarekin amaitzeko, XXVII. gazta lehiaketakoak eman dituzte. Denera, hamabi gazta aurkeztu dituzte, herrian bertan egindakoak guzti-guztiak. Jose Inazio Ugartemendiak eskuratu du lehen saria; bigarrena, Iker Ugartemendiarentzat izan da; hirugarrena egokitu zaio Hipoli Lasarteri; laugarrena, Koro Artolari, eta bosgarrena Maria Jesus Labaieni. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!