Otsailaren 3an jokatuko da, bigarrengoz, Negu Trail lasterketa Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 27a, 11:57
Argazkia: Iosu Martin

Antolakuntza taldea martxan da dagoeneko, eta otsailaren 3an jokatuko dela jakinarazi dute, «elur, euri edo eguzkia izan».

I. Berastegiko Negu Trail lasterketa arrakastatsua izan zen lehengo urtean. Pozik geratu ziren antolatzaile eta parte hartzaileak, hotza, elurra eta euria egin bazuen ere, izugarrizko giroa izan baitzen egun osoan zehar, bai ibilbidean zehar, baita herrian bertan ere. Arrakasta ikusirik, lasterketa antolatzen jarraitzea erabaki dute, eta dagoeneko badu data hurrengo edizioak: 2019ko otsailaren 3a.

2018ko lehen edizioan, guztira 210 korrikalari iritsi ziren helmugara. Jokin Lizeaga urnietarra izan zen azkarrena, 1:35:54ko denbora eginda, eta Goar Lopetegi ibartarrak eta Iñaki Olano altzotarrak osatu zuten gizonezkoen podiuma. Emakumezkoen artean Veronica Domingez izan zen onena, Leire Baraibar eta Tanit P. de Lezetaren aurretik sailkatuz. Iban Agirrezabala eta Arantxa Atxukarro izan ziren lehen berastegiarrak.

16,35 kilometroko ibilbidea osatu zuten, Urdelar (859m), San Lorentzo (808m) eta Ipuliño (900m) mendiak igoz. Aurtengo xehetasunak epe laburrean azalduko dituztela argitu du antolakuntzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!