[GUTUNA] Garraio publikoa ez dadila aldapa behera amildu

Mariano Arsuaga 2018ko irailaren 26a

Egunkarietan noiznahi irakurtzen ditugu adierazpen handinahiak, diputatu, alkate, auzapezek eginak, Gipuzkoako garraio publikoaren bikaintasunaren inguruan.

Hala ere, Tolosaldeko garraio publikoaren erabiltzaileok urtarriletik pairatu beharrean gaude greba luze bat herri eta pertsona ugariri eragiten diena.

Eskualdeko autobusen zerbitzu publikoa bahituta mantentzen duen eta biztanle askori kalte ugari sortzen dien greba bat bere horretan jarraitzeak, inori bost inporta zaiola, galdera batzuk sorrarazten dizkit:

Duela ez hainbeste probintzia osoko autobus txoferrekin gatazka sortu zenean, zergatik kasu hartan arazoa konpondu zen, beste honek, bitartean, baztertuta jarraitzen duenean? Inork sumatu al du Tolosaldeko biztanleei egiten zaien kaltea? Nola eman zaie enpresei hainbeste botere, ezin zaiela kontzesioa bertan behera utzi zerbitzua aurrera eramaterik ez daukatenean? Hain ezgauzak al dira gure politiko, enpresari eta sindikatuak ezinezkoa zaiela arazoa konpontzea? Gutxi batzuei arazo «txikia» irudituko zaie, agian, hiriari zuzenean eragiten ez diolako?

Nahikoa da, greba honen desblokeoa baino ezin dugu espero bertan parte direnen aldetik. Garraio publikoa ez dadila aldapa behera amildu, mugikortasunaren inguruko diskurtsoak batean eta bestean entzun behar izaten ditugunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!