Berastegiko Salontzo jaiak 2018:

Arkaitz Garmendia eta Arantxa Atxukarro, azkarrenak San Lorentzon

Mikel Iraola 2018ko abu. 10a, 12:48

Jendetza bildu da San Lorentzo ermitan, Mountain Bike igoera herrikoian parte hartu duten txirrindulariei azken animoak emateko. Beste batzuk goizago igo dira, mezetara. Ondoren bertaratutako guztiek hamaiketakoaz gozatu ahal izan dute, Basurde elkartearen eskutik.

Badu xarma San Lorentzo egunez, izen bereko ermita inguruan sortzen den giroak. Jende ugari hurbildu da Mountain Bike lasterketa jarraitzeko asmoz. 

Helduen mailan 20 txirrindularik hartu dute parte. Lehen hirurak batera iritsi dira, plazatik San Lorentzo ermitara dauden 5 kilometro pasatxoak 25 minutuan eginda. Azkarrena Arkaitz Garmendia izan da. Txapeldunordea Eneko Arrospide izan da, eta Mikel Matxinea izan da hirugarren. Emakumeen artean, berriz, Arantxa Atxukarro izan da azkarrena, eta Irati Rekondo izan da bigarren.

Errozabal parean lehen pasa den txirrindulariak urdaiazpiko hanka irabazi du, hain zuzen, hirugarren izan den Mikel Matxineak. Aitor Otxandorenak lehen gaupaseroaren saria jaso du.

Haurrek, berriz, Errozabaldik San Lorentzora arteko bidea egin dute. Urko Vidal izan da azkarrena, ibilbide hori 15 minutuan eginda. Bigarren Ugaitz Ugartemendia izan da da, eta hirugarren Cristian Labaien.

Ondoren, Basurde Elkarteko kideen eskutik, salda, txorizo eta haragi egosi pintxoak, eta ardoa dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!