Berastegin hamabi urte daramatza bizitzen, baina jaiotzez debabarrendarra da Jose Luis Egaña (1965, Eibar). Historiarako afizio «handia» duela ukaezina da, eta horri lotuta, berastegiar sentitzen dela adierazteko, bertako argazki zaharrak biltzen aritu da azken urteetan. Festetarako, zeresana emango duen erakusketa bat antolatu du, eta udaletxean ikusgai egongo diren irudiekin, garai bateko Berastegi irudikatu ahal izango da. Horri buruz eta festen inguruan hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIA-rekin.
Zer moduzkoak dira Berastegiko festak?
Eibarkoekin alderatuta oso ezberdinak dira. San Lorentzo festek duten bereizgarritasuna, herritarrek herritarrentzat egindako festak direla da.
Hain justu, sanlorentzoetan, argazki zaharren erakusketa bat jarriko duzu. Nondik sortu zen ideia?
Lehen aldiz, iaz ospatutako kultur astean egin genuen erakusketa udaletxean bertan. Orduan, argazki zahar batzuk agertu ziren, eta bestelako batzuekin batera, guztiak bildu eta nonbait erakustea polita izan zitekeela pentsatu nuen. Horrela sortu zen ideia, eta oso ondo joan zenez, aurten, festetan errepikatzea pentsatu dugu.
Nola izan zen argazki guzti horiek biltzeko prozesua?
Bada, lehenengo irudi horiek agertu ondoren, pixkanaka, etxez etxe eta baserriz baserri joan nintzen, bertan egon zitezkeenak ikusi eta balio zezaketenak biltzeko. Eskean aritu nintzen, eta jasotzen nindoan heinean, gehiago egon zitezkeela ikusten nuen. Gerora, erakusketa bat egiteko moduan nintzela konturatu nintzen. Horietako askok, ordea, lanketa bat eskatzen zuten: editatzea, tratatzea eta txukuntzea. Horrela, urrian, Berastegiko argazki zaharren erakusketa egin genuen. Aurtengo erakusketarako, gainera, argazki gehiago jaso ditut, eta orain 700 argazki inguru ditut.
Iaz, 200 argazki jarri zenituen. Aurten 500 gehiago egongo dira?
Ez, festetarako beste 200 argazki jarriko ditugu, orain arte ikusi gabekoak. Irudi gehiago jartzeko tokirik ez dagoenez, erakusketa berrituko dugu.
Eta nondik datorkizu argazki zaharrak biltzeko afizio edo ohitura?
Historia betidanik gustuko izan dudan zerbait da. Berastegiko aldizkaria egiten dugunean ere, artikuluren bat edo beste idatzi izan dut. Askotan ibili izan naiz bertako historiari buruzko informazioa eta argazkiak bilatzen.
Zer motatako argazkiak ikusi ahal izango dira festetan?
Denetik dago: familia argazkiak, lagunartekoak, festa girokoak, herri kirol saioetakoak edota ezkontzetakoak. Elizaren bueltan egiten diren ospakizunetan ateratakoak ere ikus daitezke, esaterako, Korpus Egunekoak. Asko ere ez dago, baina herrian sortzen zen ia guztia ikusi ahal izango da udaletxeko erakusketan. Duela ehun urte inguru ateratakoak dira gehienak. Garai haietan, etxe guztietan ez zuten argazki kamera izaten, eta zaila izan da argazki ugari jasotzea.
Eta beste 300 argazkiekin zer egitea pentsatzen duzu?
Iazko arrakasta ikusita, aurtengo kultur asteko erakusketan ere, beste 200 irudi ikusteko aukera egongo da. Asko harrituta geratzen ziren garai bateko Berastegi ikustean. Batzuk, berriro irudi berdinak jartzeko eskatzen zidaten, ikusi gabe zituztelako, baina ezinezkoa izango da; gainera, argazki batzuk ez daude egoera oso onean. Hala ere, badago argazki ia guztiekin, liburu bat osatzeko ideia; horrela, herritarrek, udaletxean ikusten ez dituztenak ikusteko aukera izango dute.
Agian, festa giroan zaila izango da jendea bertara erakartzea.
Ez pentsa! Festetako ekintza ia guztiak plazan egiten dira, eta udaletxea bertan dagoenez, jendeak ez du asko beharko inguratzeko. Espero dut aurreko arrakasta hura errepikatzea.
Eta zuk zeuk San Lorentzo festez gozatzeko tarterik hartuko duzu?
Ez dut uste. Lan egitea egokituko zait egun horietan. Leitzan egiten dut lan, eta bertan ere data horietan izaten dira festak. Ondorioz, aspertzeko tarterik ere ez dut izango.