Eldua: Eguzki printzen kaskoa

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko uzt. 26a, 10:00

Patxi Iriarte, Jon Ezeiza eta Xabier Jaka, Elduako bizilagunak. ARGAZKIA. Rebeka Calvo

Berastegira iritsi baino lehenago dago Eldua. Berrobi eta Elduain artean dagoen kaskoan dago eta administratiboki Berastegiko auzo bat bada ere, bertakoek nortasun propioa dute. 60 bat bizilagun dira gaur egun, eta ATARIA horietako hirurekin bildu da: Xabier Jaka, Jon Ezeiza eta Patxi Iriarte.

«Goiko auzoko eta paper fabrika inguruko etxeek osatzen dute Eldua. Garai bateko baserriak mantentzen dira, ez dira askoz ere gehiago egin», esan du Ezeizak.

Elduan, beste hainbat tokitan bezala, bizilagunak zahartzen joan dira eta egun ez dago haurrik ia. «Garai baten lau familiaren artean 45 ume zeuden, baina gaur egun ia ez dago batere», esan du Iriartek. Hiru elduatarren aurreko belaunaldiaz ari dira eta horren adierazle da, 1973. urte ingurura arte egon zela eskola, plazan bertan. «Garai batean Elduara etortzen ziren Elduaingo eta Berrobiko haurrak. Irakaslea Doña Josefa zen, Marimi Ugalde urtetan Irurako alkate izandakoaren amona. Txomin Garmendia, gure gurasoak... Doña Josefarekin aritu ziren, izango ziren 70 haurretik gora», esan du Ezeizak.

Elkarrizketan lasaitasuna hitza azaldu da behin baino gehiagotan, hori baita Elduako ezaugarrietako bat, lasaitasuna dela nagusi. Beste hitzik ere azaldu da, auzolana. Elduarrek herria egiteko baliatu zuten auzolana, baina hori ere desagertzen joan dela diote. «Giro polita zuen Elduan, gogoan dut dio Iriartek mutil koxkorra nintzenean artoa egin behar bazen, bizilagunen etxera joaten ginela eta auzolanean aritzen ginela. Baserriko lanak auzolanean egiten genituen eta gure arteko sare hori osatzen genuen. Bestearen etxera joaterakoan merienda ere jartzen zuten. Etxekoak bakarrik egonez gero, merienda sastarra egiten genuen, baina gonbidatuekin kunplitu behar. Giro polita sortzen zen».

Ez da auzolanaren adibide bakarra, ondo gogoan dute ere errepide nagusitik Elduara igotzeko errepidea egin zenekoa: «Garai batean auzolanak oso ondo funtzionatzen zuen, bideak konpontzen genituen, gehien bat, eta errepidea ere horrela egin zen. Aurtengo udazkenean 40 urte izango dira egin zela. Ordura arte hala moduzko bidea zegoen. Gazte ginela joan ginen errepide eske, eta azkenean errepidea egiteko lurrak bizilagunek eman behar izan zituzten, musu truk, bakoitzak zegokion zatia eman zuen, eta paper bakar bat ere ez zen egin. Finantzaketa ere herritarren esku geratu zen zati batean; aldundiak %50a jarri zuen, udaletxeak %25 eta beste %25a herritarrek jarri zuten».

 ESKOLA

Eskola bera eta plaza egiteko ere elduarrek eutsi behar izan zioten erronkari. «Plazako lursaila Elduako gurasoek erositakoa da eta eskola egin zuten bertan. Plazan bertan belarra egon da urte luzetan, 1990 urte inguruan urbanizatu zuten plaza, eta ondoren, haur parkea jarri zuten», esan du Jakak. «Orduan ere entzun behar! jarraitu du Ezeizak Plazako lanak egiterakoan Eldu guztiak ez du horrenbeste balio! esaten ziguten».

Bizimodua aldatu dela dio hirukoteak eta horretan autoek zein telebistek eragina izan duela uste du Iriartek. «Arazoa da autoarekin etxeraino sartzen garela eta pasaeran agurtu eta kitto, ez gara elkarrekin egoten. Lehen herrian ibiltzen ginen, kontuak egiten genituen, ganaduarentzat jana ekarri zutela aitzaki hartuta elkarrekin aritzen ginen. Baina hori aldatzen joan da. Baratzeko bueltan hitz egiten dugu pixka bat, baina gutxi. Herriko giro hori kotxeek eta telebistek izorratu dute. Lehen autobusean etortzen ginen, behean uzten zigun, eta hortik etxerako bidea elkarrekin egiten genuen, hizketan, orain kotxearekin etxeraino sartzen gara, eta akabo. Eta etxean telebista edo egunkaria izanez gero, nahikoa. Hori eta ordenagailuak...».

ELDUAKO LEHEN TELEBISTA

Telebista aipatuta Ezeizak gogoratu du futbol mundialeko lehen partida Elduako lehen telebistan ikusi zuela: «1976. urtea zen eta Naxineneako sukaldean ikusi nuen. Elduako lehen telebista han zegoen, Ingalaterrak jokatzen zuen, eta hantxe ikusi nuen». Naxinenean, paper fabrikaren ondoan, zegoen garai batean zeuden bi tabernetako bat, bestea Muxikan zegoen, kaskoan. Eta aurretik Bikarioetxen ere egon zen taberna, «ez taberna bakarrik, baita jatetxea ere, ezkontzak eta egiten ziren bertan».


Elduan Andremariak ospatzen dituzte. Gaur egun herritarrak biltzeko baliatzen dituzte abuztuko jaiak, baina duela urte batzuk kanpotar asko gerturatzen zen Elduara. «Egan eta Akelarre ekarri izan ditugu. Jende asko etortzen zen. Herri guztia egoten zen lanean Egan ordaintzeko. Bi kantina jartzen genituen eta bertan edaria eta ogitartekoak saltzen genituen. Hori ere auzolanean egiten genuen. Eganek hasieran ez zuen etorri nahi, baina gero konturatu zen gu tartean egonda, giroa sortzen zela eta etortzen hasi zen. Eldua, Orexa, Hernialde, Leaburu eta Baliarraingoak batera ibiltzen ginen, 100 bat lagun igual, eta ikusi zuten gu joaten baginen, giroa sortzen genuela, arte gehiegirik gabe, baina dantzan ibiltzen ginela... 83an edo hasiko ziren jaisten herri txikietako jaiak, eta baita hemengoak ere».

GAZTEAK, BEHERA BEGIRA

Gaur egun garai bateko etxeak, berrituak batzuk, daude Elduan, eta kaskoa bera ez da gehiegi aldatu. Gazte asko joan dira lana edo dena delakoa medio, baina seme-alabak eta bueltatzen direnean bertako lasaitasuna eskertzen dutela diote. «Hemengo lasaitasuna eskertzen dute, gustura etortzen dira, baina bizimodua behera begira egiten dute», dio Jakak.

Kasko ederrean baitago Eldua eta egutera da gainera: «Oso egutera da eta mendiari balkoi bat aterako balitzaio bezala da, toki polita da. Ez da aldapa, zelai samarra da. Eguzkia ateratzen denetik sartzen den arte, bai udan eta baita neguan ere, egun guztian dago eguzkia, ordu asko. Elduainekin konparatuta bi ordu gehiago izango ditugu gutxienez. Orientazio ezin hobea du, errekan laino itxia dagoenean, hemen eguzkia izaten dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!