Berastegiko Udalaren eta Aldundiaren arteko akordioa frontoia berritzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko uzt. 13a, 18:00

Berastegiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute gaur, frontoia zaharberritzeko. Maiatzean hasi zituzten lanak eta abuzturako bukatuko dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak 110.404 euro jarri ditu.

Berastegiko Ipuliño frontoian berebiziko garrantzia du herrian. Kirol ekipamendu nagusia da eta kirol jarduerez gain, bestelako ekintzak ere egiten dituzte bertan. Azken urteetan azaleko hainbat lan egin dituzte bertan, baina ez eraberritze lan garrantzitsurik, horregatik erabaki zuen udalak frontoia goitik behera berritzea. Lanak maiatzean hasi zituzten eta abuzturako bukatuko dituzte.

Lanak egiteko diru laguntza jaso dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol sailetik. Proiektuaren kostua 220.808 eurokoa da eta Aldundiak erdia jarri du, hau da, 110.404 euro. Diru laguntza onartua bazegoen ere gaur sinatu dute hitzarmena. Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Amaia Azkue alkateak sinatu dute, eta ondoren, frontoiko lanak ikusteko aukera izan dute.

Ipuliño frontoia eskolaren parean dago eta beraz, ikastetxeko haurrek ere erabiltzen dute. "Oso berri ona da herritarrentzat eta baita ikastetxeko haurrentzat ere", esan du Azkuek. "Diru laguntza garrantzitsua jaso dugu lanak egiteko eta eskertzekoa da. Ekipamendu berri eta erosoago bat izango dugu eta poztekoa da", gaineratu du. Udalerri txikietan horrelako proiektuak egiteko egin behar izaten duten esfortzua ere nabarmendu du Berastegiko alkateak, eta gogoratu horretarako "ia gehienetan" kanpoko laguntzak behar izaten dituztela.

Denis Itxasok bere aldetik, nabarmendu du Foru Aldundian "adin guztietako, edozein sexu edo jatorriko herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten" nahi dutela, "haietan kirola eta gainerako aisialdirako jarduerak egin ahal izateko eta haien bizi kalitatea hobetzeko". "Herri txikietako frontoiak kirol ekipamendu hutsak baino gehiago dira, eta garrantzitsua da horiek babestea".

Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordezkatu edo lekualdatzeko diru laguntza plana abiarazi zuen, eta hor sartu da Berastegiko laguntza. Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza gorde zuen horretarako eta planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die. "Egia esan ez da diru asko, baina udalek jartzen duten diru eta esfortzuarekin batera 53,8 milioi euroko inbertsioak suposatzen ditu", gaineratu du diputatuak.

Eraberritzea

Ipuliño frontoiak 30 urte ditu eta orain arte ez du eraberritze lan garrantzitsurik izan. Kantxa eta komunetako sarbideen irisgarritasuna hobetu dute, teilatu eta itxituretako filtrazioak konpondu dituzte, ikusleentzako eserlekuak berritu dituzte, margotu dute eta euri urak jasotzeko egiturak jarri dituzte. Era berean, barrualdera begirako balkoi moduko bat atera dute eta aldagelak berritu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!