Salontzotako herri afarirako txartelak, eskuragarri

Ataria 2018ko uztailaren 13a

Iazko Salontzoetako irudi bat.

Berastegiarrek abuztuaren 8tik 12ra ospatuko dituzte Salontzo jaiak. Urtero bezala, aurten ere herri afaria egingo dute eta txartelak uztailaren 31 bitarte erosi daitezke.

Herri afaria abuztuaren 8an izango da eta txartelak Urepele elkartean, Ategin, Basurde elkartean edo udaletxean erosi daitezke uztailaren 31 baino lehen. Helduek 22 euro ordaindu beharko dituzte eta umeek 10 euro.

Udalak jakinarazi du ez dagoela adin mugarik helduen edo haurren menua aukeratzeko, baina haurren menua aukeratzen dutenek umeentzat prestatuko mahaietan eseri beharko lukete. "Gurasoren batek umeak bere mahaian eduki nahi baditu, mahaia eskatzerakoan jakinarazi beharko du", esan du. Zeliakoei edo barazki jaleei zuzendutako menuak ere eskatu ahal dira.

Mahaiak taldeka eskatzeko aukera ere uztailaren 31n bukatuko da, horretarako udal bulegoetara joan behar da edo kultura@berastegi.eus helbidera idatzi. Taldeka eskatzeko taldearen izena, kopurua eta taldekideen izen-abizenak zehaztu behar dira.

Helduen menua honakoa izango da: itsaskiz betetako piperrak, penka beteak zizen saltsarekin, otarraintxoak baratxuri erara, bakailaoa erromatar erara, saihets hezurrak erreta, goxua txikia eta sorbetea. Haurrek berriz, makarroiak, oilasko bularra patatekin eta petit suisseak izango dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!