Berastegiko baserri eta etxebizitzak metroko mapa baten itxuran

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko uzt. 12a, 07:56

Metroko mapa baten itxura du Pablo Feo eta Miel Elosegi leitzarrek Berastegiko bizitokiak bilduz egin duten planoak.

Leitzako Pablo Feok eta Miel Elosegik Berastegiko baserri eta etxebizitzen mapa osatu dute. Ez da ohiko mapa, dena den, metroko maparen itxura baitu. Duela bost bat urte ezagun egin zen, Leitzan, bertan egindako mapa, eta sakabanatuta dauden etxebizitzetara iristeko eskaintzen duen modu erraza dela eta, beste herri batzuetara ere zabaldu dute; Areson, Zubietan eta Goizuetan ere egin dituzte.

«Leitzan baserrietara iritsi ahal izateko eskema moduko bat egin genuen, eta ikusi genuen itxuraz metroko mapa bat ematen zuela. Metroko mapek dituzten ezaugarriekin txukundu genuen, eta Leitzako baserri guztiak bildu genituen mapa horretan», esan du Feok.

Herritarrek «oso ongi» hartu zutela ikusita animatu ziren, beste herri batzuetan ere gauza bera egitera.

Herrigunetik kanpo dauden baserri eta etxebizitza guztiak bildu dituzte, eta helburua horietara iristeko erraztasunak ematea da. «Herri batzuetan oso zaila izaten da herrigunetik kanpo dauden etxebizitza horietara iristea eta lan hori erraztu nahi dugu. Beharbada baserri pare bat-edo oso gertu ikusten dira eta bertan daudela pentsatzen dugu, baina, gero, hara iristea ez da horren erraza eta bidexka horiek bildu ditugu», gaineratu du. Maparekin, batez ere, garraiolari edo larrialdietakoei lana erraztu nahi izan diete. «Larrialdietako zerbitzuetakoek iritsi behar badute, ez dute denbora asko izaten bueltaka ibiltzeko», esan du.

Berastegi aukeratu dute «eskura» eta «bertan» dutelako. «Lehenik baserrien eskema moduko bat egiten dugu eta, gero, beharrezkoak diren zuzenketa guztiak egiten ditugu; baserri guztietara joaten gara bidea ondo jarri dugun ikusteko. Berastegikoarekin hilabete-edo eman dugu».

Mapa «bizirik» dagoela ere esan du. Hau da, aldaketak gertatzen diren bezala, zuzenketak egiten dituztela. Feok eta Elosegik afizioz egiten dute lan hori, baina Berastegiko Udalak oso ondo hartu du, eta mapa herritarren artean banatzeko asmoa ere badu. Dena den, egileek mapa bera https://flic.kr/p/26QdMop webgunean jarri dute eskuragarri, eta bertan joango dira berritzen.

Baserrietan ere oso ondo hartu dute mapa, orokorrean. «Baserrietan ohituta daude jada, etxera norbaitek heldu behar duenean, herrigunera gerturatzen eta bertatik etxera elkarrekin joaten; mapak lana erraztuko diela uste dugu».

MAPA ERABILGARRIA

Mapa oso erabilgarria dela dio, «erabat praktikoa» baita. «Proportzio eta distantziak ez dira zuzenak, baina hori ez da asmoa. Berez, garrantzitsuena da jakitea baserri batera iristeko zein bide hartu behar den, eta zenbatgarren baserria den; laugarrena den edo ez, eskuinera edo ezkerrera jo behar den... Metro batean sartzen bazara ez dakizu zure geltokia lau kilometrora edo bost kilometrora dagoen, gutxienekoa da hori, dakizuna da zure geltokia laugarrena dela eta hor jaitsi behar duzula».

Baserri eta etxebizitzak non dauden zehaztu dute Feok eta Elosegik, baina izenak ere bildu dituzte. «Izenak aldatzen badituzte edo baserri berri bat egiten badute, bilduko ditugu. Praktikoa behar du izan, eta aldaketa horiek egiten joango gara». Baserrien izenak bildu dituzte, baina baita horien helbideak ere: «Helbide administratiboa ere jarri dugu. Askotan hara iritsi behar duenaren informazioa ez da baserriaren izena,baizik eta helbidea, eta horregatik biak jarri ditugu».

Berastegiko metroko mapan 160 bat baserri eta etxebizitza bildu dituzte. «Ez ditugu bordak eta uda nahiz asteburuak pasatzeko etxebizitzak sartu, eguneroko bizitokiak bildu ditugu».

Era berean, produkturen bat saltzen duten baserrien berri ere eman dute. «Oso polita da, ikusten delako herrigunetik kanpo ere badela bizitza, badirela jarduerak», esan du Feok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!