Filmazpit programaren bitartez, sei film labur ikusteko aukera egongo da Berastegin, ostiralean 17:30ean. Modu horretara osteguneko Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunari ikusgarritasuna eman nahi diotela esan dute udaletik.
Film laburrak jatorrizko bertsioan eta euskaraz azpititulatuta eskainiko dituzte. Lan guztiek homosexualitatea dute ardatz. "Nazioarteko egun honetara bilduz, Berastegiko udalak pertsona LGTBIQek jasaten dituzten diskriminazio eta erasoen aurrean bere aletxoa jartzeko hautua egin du", esan du udalak. Era berean, herritar guztiak gonbidatu dituzte filmak ikustera: "Udal honek eskaini dezakeen elkartasunetik, diskriminazioaren aurka, homofobia eta transfobiaren aurka, eta aukera berdintasun guztien alde film labur hauen emanaldira gonbidatzen ditu udal gobernuak berastegiarrak".
Lanak honakoak dira:
Pepper (2013)
Drag Queen izateko erabakia hartu zuenean bere semeak errefusatu egin zuen Pepper. Haur batekin ezustean topatu ondoren familia eta “zuzena dena” egiteak duen garrantzia ekarri dio gogora.
Doce de Goiabada (2014)
Elisa eta Denise lagun minak dira. 11 urteko neskatxak dira. Egun batean Elisaren amonak joko intimoak partekatzen topatuko ditu. Elkarrengandik urruntzera behartuko dituzte.
En eftermiddag (2014)
Mathias Frederik bere lagunarekin maitemindurik dago eta esan egin nahi dio. Halaber, momentua iristen denean, lehenengo pausua emateko beldur da...
Tomorrow (2014)
Clark eta Trevor unibertsitatean ikasten hastear daude eta beraien arteko -adiskidetasunaren etorkizunari buruz mintzo dira... Gabon Zahar eguna da eta Clarkek neska batekin lagundu diezaion eskatuko dio Trevor-i.
Hole (2014)
Baztertu egiten duen mundu batean, bere oreka eta intimitatearen bila dabilen gizon minusbaliatu baten erretratu gordina.
Miss Finknagle Succumbs to Chaos (2013)
Liburutegiko arduraduna desagertzen denean, institutuko lau ikaslek beraien irudimena frogan jarri behar izango dute misterioa argitu ahal izateko. Baina euren teoriak errealitatetik oso urrun daude…