Ion Azpiroz, txapeldunorde Travesera Picos de Europa lasterketan

Mikel Iraola 2018ko eka. 11a, 08:27
Argazkiak: Travesera

Berastegiarrak 12 ordu eta 34 minutu behar izan ditu 74 kilometroko ibilbidea osatu eta helmugara iristeko. Gure Esku Dagok antolatutako giza kateko zapia zuela igo zen podiumera.

Travesera proba Espainiako Estatuko mendi lasterketarik gogorrenetako bat da. Europako Mendiak mendilerroko 14 tontorretatik igarotzen da: Jou Santo, Horcada de Cain, Vega de Urriellu edota Collada Bonita, besteak beste.

Gauerdian irten ziren korrikalariak, Covadongatik, eta 74 kilometroko bidean zailtasun ugariri aurre egin behar izan zieten korrikalariek: 13.000 metroko malda, gaueko iluntasuna, tontorretako elurra, eguraldi nahasia...

Manuel Merillas izan zen azkarrena. 12:01:10eko denbora behar izan zuen Arenas de Cabraleseko helmugara iristeko 2015. urtean ibilbidearen marka puskatu zuen leondarrak. Ion Azpiroz eta Antonio Blanco batera helmugaratu ziren, 12:34:21eko denbora eginez. Bigarren postua, ordea, berastegiarrarentzat izan da. Emakumezkoetan azkarrena euskaldun bat izan da: Aitziber Osinalde, 15:30:04ko denbora eginda.

Esperientzia «bikaina»

Azpirozen esanetan, «zalantza askorekin» iritsi zen proba honetara, denboraldi hasieran izandako lesioak medio. «Zailtasun askoko lasterketa da: malda gogorra, elurra, eguraldia, tenperatura baxuak... Antzeko ezaugarriak dituzten lasterketetan izan dudan esperientziatik abiatuta, estrategia garbia nuen: hasieratik erritmo erosoa hartzea, bigarren zatira indartsu iristeko».

Hasieratik lau korrikalarik hartu zuten aurrea: «erritmoa erosoa zen niretzat, eta Caineko puntura –lasterketaren herena da hori– sentsazio onekin iritsi nintzen. Puntu horretatik aurrera guztiz puskatu zen lasterketa», dio berastegiarrak. «Sekulako poza» hartu zuela aitortzen du, Urrielluko aterpetxetik bigarren postuan pasa zela jakitean, Merillas 35 minutu aurretik zela.

«Hortik aurrera asko gogortu zen lasterketa: erritmo ona igoeretan, baina asko sufrituz jaitsieretan, Toni Blancok abiadura bizian egiten baititu jaitsierak».

Blancok eta Azpirozek elkar ezagutzen zuten. Ultra Canfranc 2016 lasterketan, esaterako, batera egin zituzten kilometro ugari, eta honakoan ere gauza bera egin zezaketela pentsatu zuten Portudera aldera iristean: «Merillas harrapatzea ezinezkoa zen, eta horrenbeste orduren ostean, pentsatu genuen biok elkarrekin gozatzea une hartaz, eta halaxe egin genuen», dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!