Bartzelonan atxilotu dute azken hilabeteotan EAEn eta Iparralden jardun duen talde kriminal baten burua

Ataria 2018ko apirilaren 30a

Joan den apirilaren 26an atxilotu zuten Bartzelonan, Mossos d´Esquadraren eta Ertzaintzaren arteko operazio bateratu batean, etxebizitzetan lapurretan aritzen den delitugile-talde baten burua dela uste dena. Taldeari Euskal Autonomi Erkidegoko, tartean Berastegiko, Kataluniako eta Iparraldeko etxebizitzetan egindako 52 lapurreta leporatzen dizkiote. 

Ikerketari orain dela hiru hilabete ekin zioten, Gipuzkoako Lurralde Historikoan 2017ko bigarren seihilekoan eta 2018ko lehenengo hilabeteetan etxebizitzetako lapurretak asko ugaldu zirela hauteman ondoren. Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuko (SICTG) agenteak egin ziren TROU operatiboa izeneko ikerketaren kargu lurralde historikoko hainbat ertzain-etxerekin lankidetzan, eta lapurrei Donostian, Hondarribian, Berastegin, Hernanin, Urnietan, Oiartzunen eta Irunen egindako 24 lapurreta leporatu zizkieten.

Lapurren modus operandiaren ezaugarriak oso espezifikoak ziren. Lapurreta gehienak gauez egin zituzten, kasurik gehienetan etxeko bizilagunak barruan lo zeudela eta etxean leiho batetik sartuta. Leihoen markoetan aurretik hainbat zulo egiten zituzten itxiera-sistemara iritsi eta erraz desaktibatu ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!