Jokin Lizeaga eta Veronica Domingez irabazle I. Negu Trail lasterketan

Asier Imaz / Irati Saizar 2018ko otsailaren 4a

Negu Trail mendi lasterketaren lehenengo edizioa ospatu dute goizean Berastegin. Guztira 210 parte hartzailek osatu dute ibilbide guztia. 

Izen aproposa jarri diote berastegiarrek lehenengoz ospatu den mendi lasterketari: Negu Trail. Ezin egokiagoa, izan ere, ibilbidearen zatirik gehiena elurra oinetan zutela egin behar izan dute helmugaratu diren 210 parte hartzaileek. Eguraldia zela eta, azken ordura arte zalantzan ibili ostean, aurreikusitako ibilbide guztia egitea erabaki dute antolatzaileek. Horrela, 16,35 kilometroko ibilbidea osatu dute; Urdelar (859m), San Lorentzo (808m) eta Ipuliño (900m) mendiak igo behar izan dituzte lasterkariek. Helmugaratzen lehena Jokin Lizeaga izan da, 1:35:54eko denbora behar izan du; jarraian, Goar Lopetegi iritsi da eta gertu sartu da Iñaki Olano ere. Emakumezkoetan, berriz, Veronica Domingez izan da azkarrena plazako helmuga zeharkatzen; ondoren, Leire Baraibar iritsi da, eta Tanit P. de Lezetak lortu du hirugarren postua. Podiuma lortu dutenek sariak jaso dituzte, baina baita lehen berastegiarrek ere: Iban Agirrezabala eta Arantxa Atxukarro izan dira azkarrenak.

Proba burutu ahal izateko ehunka herritar aritu dira antolatzaile lanetan. Behean ikus daitezken argazkiak Irune Aramendi eta Jose Loboren laguntzarekin jaso dira.

 

Bideo laburpena hemen

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!