Behin baino gehiagotan entzun izan dudan esaldi hau aditu bezain laster abiatu naiz eskaileretan gorantz etxeko ganbarara, nire buruari galdezka, ea lehengo urteko mozorroa etxera osorik iritsi ote zen.
Gustura hasi naiz mozorroen kaxa miatzen Baila negra abestia txistukatuz, eta hara non aurkitu ditudan umetako mozorroak hautsak hartutako plastikozko poltsa beltz baten barruan. Nahiz eta jakin zorro horren barruan ez dudala aurkituko aurtengorako balioko didan ezertxo ere, «ume aroko» oroitzapenen artean galdu naiz.
Ia gehienak eskolan egindakoak dira, eta bakarren bat gurasoek erosia (oso inauteri zaleak ez direnez, gogoan dut mozorro berak urte dezente irauten zuela gure etxean). Haur hezkuntzan andereino Martinarekin egindako arrainaren mozorroak koloretako ezkata gehienak galduak ditu, baina oraindik ere igeri egingo luke. 2. mailan harri-jasotzailez jantzi ginenean erabili genuen kartoizko 300 kg-ko harria ikusita, nire ahizpa eta bere lagunek gu ikustean egin zituzten barre algarak gogoratu ditut. Eta hara zer azaldu den! Sorginaren trajea, bere granodun sudur luze eta peluka txuri-beltzarekin. Ez dut gogoan zenbat urte izango nituen, baina bai osabak horrela jantzita ikustean esan zidana:
«Aurten asmatu dun disfrazarekin txikita! Ez zagon eta herri osoan hi baino neska sorginagorik!» Garai hartan ez zidan grazia handirik egin osabaren esanak, baina orain ezin diot irribarreari eutsi.
«Galdu egin ahal zara? Ez dizut esan mozorroa josteko e!», ama da sukaldetik deika. Konturatzerako afalordua iritsi zait, eta ni oraindik umetako mozorroei begira. Baietz aurten ere Ostegun Gizena iritsi nik zerbait aurkitzerako. Eskerrak gurasoen armairuak ateak irekita hartzen nauen bezperan.