Negu Trail: eskatzen ari ziren mendi lasterketa

Asier Imaz 2018ko urt. 31a, 09:42

I. Negu Trail Mendi Lasterketa, igandean, otsailaren 4an, izango da; 10:30ean hartuko dute irteera 250 parte hartzaileek.

Mendi lasterkariak dituen mendi lasterketarik gabeko herria da Berastegi. Otsailaren 4an hori aldatu egingo da. Egun horretan, I. Negu Trail Mendi Lasterketa antolatu baitute. Iker Saizar antolatzaile taldeko kidea da, eta berari tokatu zaio kontaketa egitea. «Maila handiko hiru korrikalari ditugu orain Berastegin: Jon Azpiroz, Iban Agirrezabala eta Zegama-Aizkorriko edizio guztiak egin dituen Jon Zubillaga. Kanpotik ere esaten ziguten, ea nolatan Berastegin ez zen mendi lasterketarik.

Hori guztia kontuan hartuta, udalak pausoa ematea erabaki zuen. Kirol munduan sartuta gauden lau edo bost herritarrekin hitz egin zuen. Herri Krosa-koak ere etorri ziren, laguntzeko prest zeudela esanaz». Baldintza horietan, Iker Saizar eta bere kideei aukera bakarra geratu zitzaien: lasterketa antolatzen hastea. «Hamabi bat laguneko taldea osatu genuen, eta udalaren babes horrekin, aurrera egin genuen. Babes hori oso garrantzitsua dela esan beharra dago, lasaitasun handia ematen dizulako. Hau ez da dirua irabazteko lasterketa bat, gustura egiteko proba bat baizik».

Behin antolatzaile taldea osatu ondoren, ibilbidea zehazteko garaia iritsi zitzaien. «Bi edo hiru proposamen jarri genituen mahai gainean. Jon Azpirozek eta Iban Agirrezabalak pare bat aurkeztu zituzten eta nik ere bat osatu nuen. Batetik eta bestetik hartuz, azkenean 16,3 kilometroko itzuli hau aukeratu genuen». Mendi maratoi bat egiteko inguruneak dituen arren Berastegik, lehen edizioa dela kontuan hartuta, lasai hartzea erabaki zuten, «horrela, gainera, herrikoiagoa izango da».

16,35 kilometroko ibilbide horretan hiru gailur pasako dituzte korrikalariek. Lehena 6,8. kilometroan, Urdelar (859m). Ondoren Moa lepora jaitsiko dira, 8,8. kilometroan San Lorentzo (808m) gailurrera joateko. Hortik Gorosmendira jaitsiko dira, handik azken aldapari ekiteko. 11,6. kilometroan Berastegiko mendirik altuena, Ipuliño (900m), izango dute zain.

Berastegiko plazatik 10:30ean irtengo dira parte hartzaileak. «Lehen kilometroa dena goraka da, bakoitza bere tokian uzteko modukoa», argitzen du Iker Saizarrek. «Gero korri egiteko toki batzuk daude. Ondoren, hiru mendiak etorriko dira bata bestearen atzetik. Ez dira igoera luzeak, 10 bat minutukoak edo. Lasterketa gehiena bide zidorretatik igarotzen da. Pista amaieran sartu dugu, herrira nolabait itzuli behar zelako».

250 PARTE HARTZAILE

Ibilbidea zehaztu ondoren, lasterketa bi norabidetan zabaldu zuten. Alde batetik, herrira, boluntario bila. Bestetik, parte hartzaileei begira. «Harrera izugarria izan duela esan beharra daukagu. Berastegin 100 lagun segituan bildu genituen, boluntario lanerako. Elkarte, gaztetxe, guraso elkarte eta herritarrak prest azaldu ziren laguntzeko. Erantzun horri esker, antolatzaile taldeko hamabitik bederatzik lasterketa korrituko dugu. Bestetik, parte hartzaileen kontua zegoen», dio Saizarrek. Berastegiarrak ez zuen espero horrelako «arrakasta» izango zuenik: «Lehen asteetan poliki joan zen izen ematea. Azken bi aste hauetan, berriz, dena bete da. Harrituta geratu gara». 250 korrikalarirentzat jarri zuten zerrendak gainezka egin du, eta jendea itxaron zerrendan geratu da.

250 horietatik 17 emakumeak dira. Parte hartzaile guztiak Euskal Herritik etorriko dira, asko, Leitzatik, 18. «Beste datu pozgarria herri asko ukitu izana da», dio Saizarrek. Gipuzkoatik 52 herritako ordezkariak egongo dira otsailaren 4an Berastegin; Nafarroatik 21 herri eta Bizkaitik eta Arabatik hiruna. Izenei dagokienez, Zegaman seigarren egina den Lizeaga, Garien lasterketa irabazi berria den Veronica Rodrigez gasteiztarra, Goar Lopetegi ibartarra, Jone Urkizu distantzia luzeko korrikalari azpeitiarra edo Iban Agirrezabala eta Jon Zubillaga herritarrak aipatu ditu Saizarrek.

Helmugan lehena nor izango den ez daki berastegiarrak, baina ordubete eta 20 minutuko denboraz hitz egiten ari omen dira herrian: «Eguraldiak zeresana izango du, baina euria, elurra edo eguzkia egin, gozatzeko moduko itzulia da».

Zirkuitua ezagutzeko pare bat irteera egin dituzte, eta gerturatu direnak gustura joan omen dira ikusitakoarekin, «hori esan ziguten, behintzat».

Hiru anoa gune jarri dituzte, mendi bakoitzean bat. Lehenengoan eta azkenekoan edatekoa egongo da, eta erdikoan jatekoa eta edatekoa. Distantzia kontuan hartuta, nahikoa eta sobera. Sariei dagokienez, lehen hirurek podiumera igo beharko dute, saski eta opari ederrak jasotzera. «Herriko ekoizleen produktuekin osatu ditugu saski ederrak, eta hori ere benetan eskertzekoa da. Lehen herritarrak ere bere saria izango du, eta ondoren, parte hartzaile guztien artean zozketak egingo ditugu», gaineratu du Iker Saizarrek. Garrantzitsuena, ordea, 12:30ak inguruan Berastegiko plazan egongo den festa giroa izango da. Bertan parte hartzaile, boluntario, ikusle eta herritarrentzat pintxoak eta zer edana jarriko dute. Ondorioz, denentzat egongo da festa otsailaren 4an, Berastegin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!