Frontoiaren eraberritzea eta herri-larreak, Berastegiko erronkak

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 10a, 09:30

Frontoia eraberrituko dute 2018an.

Berastegiko udal taldeek 1.210.030 euroko aurrekontua onartu dute; inbertsiorik handiena frontoiak eramango du, 240.000 euro.

Abenduaren 12an egindako osoko bilkuran onartu zuen Berastegiko Udalak, 2018rako aurrekontua. 1.210.030 euroko dokumentua onartu dute eta inbertsioen atalean Ipuliño frontoiaren eraberritzera bideratuko dute kopururik altuena; 240.000 euro. Bestalde, ohi bezala aurrekontuaren heren bat inguruko udaleko pertsonal gastuak ordaintzera bideratuko dute eta udal eraikinen mantenuan ere 361.000 euro onartu dituzte. Inbertsioetarako, orokorrean, 302.000 euro gorde dituzte.

Frontoiaren lanak martxoan hasi eta ekainean bukatzea aurreikusi dute eta 240.000 euro gorde dituzte. «%50a Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntza batekin ordainduko dugu», esan du Amaia Azkue alkateak. Eraberritzeak toldo finkoa jartzea, gutxienez pasarela edo balkoi moduko bat ateratzea –ahalko balute, bigarren bat ere aterako lukete–, teilatupean sarea jartzea eta teilatua konpontzean datza. Era berean, aldagelak egingo dituzte, irisgarritasuna hobetu dute eta frontoi guztia margotuko dute.

Herri-larreak
Inbertsioen atalean herri-larreen proiektua ere aurreikusi dute. 15.000 euroko partida onartu dute. «Gorosmendi eta Ipuliño arteko mendietan udalak badu lursail bat eta horri buelta bat eman behar zitzaiola ikusi genuen. Lehen sektorearen inguruan egindako hausnarketan ere atera zen gaia, gainera.

Lehen sektoreari bultzada bat emateko balio dezake; esate baterako, ganadua duenak eta buruen kopurua handitu ezin dezakeenak, leku faltarengatik edo, irtenbide bat izan dezake proiektu honekin. Gainera suteen aurkako neurri bezala ere balio du eta beste hainbat onura ere ekarriko ditu, baita turismoari begira ere. Espazioak ematen du aukera hori eta hainbat funtzio beteko ditu», esan du alkateak. Udalak beraz, itxiturak jarriko ditu, sastrakak kenduko ditu eta garbitze lanak egin, askak jarriko ditu eta animaliak ez pasatzeko burdinezko pasabideak ere jarriko ditu, animalien eta oinezkoen artean arazorik ez egoteko.

Lurjabeekin sinatu dituzte hitzarmenak, jada. «Guztira 175 hektarea dira eta ez ditugu lan guztiak batera egingo, hainbat fase izango dira eta garbiketa lanekin hasiak gara», esan du Azkuek.

Legealdia hasterako, udal taldeak herri bideak konpontzeko konpromisoa hartu zuen eta horiekin jarraituko dutela ere nabarmendu du alkateak. «Herri bideak txukuntzen jarraituko dugu, asfaltatze eta argiztapen lanekin, batez ere. 12.000 euro gorde ditugu horretarako», esan du. Aiztunalde auzoa da oraingo honetan, argiztatuko dutena. «Auzune berriak argiztatzen ari gara legealdi honetan, eta horretan jarraituko dugu, garrantzitsua da guretzat», esan du.

Hirigintza
Hirigintzari lotuta beste hainbat lan ere egingo dituzte. «Errepide nagusian, azken baserritik plazara bitarteko lotura egingo dugu, hori baita guri dagokiguna, atzeagotik ere konponketa lanak egin nahi ditugu, baina horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak egin beharrekoak dira, eta beraiekin gaude harremanetan», gaineratu du. Era berean, udalak irisgarritasuna hobetzen joateko asmoa duela esan du alkateak, eta horretarako hainbat lan egingo dituztela; «ezin dugu dena batera egin, baina pixkana irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditugu herriko hainbat puntutan». Informazio panelak ere jarriko dituzte 2018an, eta 1.500 euro bideratuko dituzte horretara. Bestalde, sortzaile bereziak direnei zuzendutako konposta gune berria jarriko dute ere hasi berri den urte honetan.

Berdintasuna eta gazteak
Aurten iaz hasitako bidetik jarraitu dute eta parekidetasuna sustatu aldera, Berdintasunak partida propioa izango du, «Gizarte Zerbitzuen barruan dago, baina partida propioa du, eta diru horrekin urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dugu». «Bilera deitu dugu hil honetarako eta hor zehaztuko dugu zein bide jarraitu», gaineratu du.

Aurrekontuan orain arte artxibo historikoa zena moldatu eta gazteentzako gune edo lokal bat egitea ere aurreikusi dute. «Gazteekin bildu gara jada, eta ea segituan jartzen dugun abian. Udaletxea berritzean artxiboa ere eraikin horretara pasa genuen eta beraz, lokala hutsa geratu zen eta gazteentzat oso interesgarria izan daiteke. Gaia lantzen ari gara beraiekin».

Bestalde, kultur teknikari bat ere kontratatu dute eta aurrekontuan aurreikusi. «%20ko lanaldiarekin ariko da eta Tolosaldeko Enplegu Planari esker hartu dugu pertsona hori. Bere lana kultur eragileak eta ekintzak koordinatzea da, lana gehituz doa eta geroz eta zailagoa da guztia koordinatzea. Laguntza behar genuela ikusi genuen», esan du Amaia Azkuek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!