Ilunpetan eta blai eginda

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abenduaren 31

Berastegin ere, eskualdeko hainbat herritan bezala, urteari amaiera emateko, San Silvestre Kros Herrikoia ospatu da. Arratsaldeko 18:00etan hasi dira lasterketak, eta guztietan ere, euria izan da protagonista nagusia.

Urepele elkarteak antolatuta, denera, ehun lasterkari inguruk hartu dute parte aurtengo krosean. Jada, tradizioa bihurtu da abenduaren 31ko lasterketa, eta aurten ere, jendeak ez du huts egin nahi izan. Guztira, hiru lasterketa izan dira. Lehenean, adinez gazteenak aritu dira lasterka, eta hauek amaitu bezain laster, gaztetxoen txanda izan da. Arratsaldeko 18:30eak aldera abiatu dira helduak, Berastegiko kale eta auzoetan barrena, lehen postuaren bila.

Haurren kasuan, plazaren inguruan buelta txiki bat eman behar izan dute; bigarren lasterketakoek, pixka bat luzeagoa. Helduek, bestalde, 5 kilometrotako ibilbidea osatu dute, berriro, plazan ezarritako helmugara iritsi arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!