Geroz eta jendetsuagoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko aza. 5a, 16:54

Kultur hamabostaldiari amaiera emateko, goizean, azoka berezia ospatu da Berastegiko Ipuliño pilotalekuan. Bertan, gainera, sari ezberdinen banaketa egin dute.

Ugariak izan dira postuak, baita postuetan salgai zeuden produktuak ere. Ugariak eta anitzak. Bisitariak bezala. Izan ere, geroz eta jendetsuagoa da berastegiko azoka berezia, denentzako dagoelako zer ikusi eta zer probatu. Guztientzako dago lekua, nahiz eta gaur txiki geratu den frontoia. Eguraldi txarrak ere ez du baldintzatu giroa, nahiz eta animaliek ohikoa baino begirada gutxiago erakarri dituzten.

Baina, gaurko interesgunea, sari banaketan zegoen. Bildu den jende andanak, postuak ikusi ondoren, oholtza parean egin du geldialdia, bertan banatu direlako sari ezberdinak. Denetik eta denentzat: argazki rallyarena, gazta eta arroz-esne lehiaketena, postuena, eta ahari, bildots eta ardiena, besteak beste. Beasti Guraso Elkartearen eta J. A. Muñagorri eskolaren eskutik ere, haurren artean egindako marrazki lehiaketan, zenbait haurren lanak nabarmendu nahi izan dituzte, lehen mailatik hasi eta seigarren mailara bitarteko 20 bat haurrenak. Hauen gaia honakoa zen: "Ikastolan bizitako momentu on/berezi baten irudikapena".

Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu, eta 18:00etatik aurrera talo jatea egingo dute gazta eta arroz-esne lehiaketetako produktuekin batera. Tartean, Irati Irurzun eta Maria Lasa trikitilariak ariko dira. Hemen behean ikus dezakezue, Berastegin, saridun suertatu diren partaideen zerrenda:

Arroz-esne lehiaketa:

1) Marisol Atxukarro (mantala, diploma eta 75 euro)

2) Mariana Blasi (diploma eta 50 euro)

3) Kontxi Saizar (diploma eta 25 euro)

 

Gazta lehiaketa:

1) J. I. Ugartemendia (kaikua, hurritz-makila, diploma eta 150 euro)

2) Koro Artola (hurritz-makila, diploma eta 125 euro)

3) Iraitz Garaiburu (hurritz-makila, diploma eta 100 euro)

4) Lourdes Malkorra (hurritz-makila, diploma eta 75 euro)

5) Maria Jesusu Labaien (hurritz-makila, diploma eta 50 euro)

 

Argazki Rallyak:

Analogikoak (Gaia: beldurra):

1) Idoia Labaien (argazkia, diploma eta 50 euro)

2) Jaione Barriola (argazkia, diploma eta 30 euro)

3) Inhar Esnaola (argazkia, diploma eta 20 euro)

Digitalak (Gaia: askatasuna):

1) Ixiar Zubillaga (argazkia, diploma eta 50 euro)

2) Maddi Rekondo (argazkia, diploma eta 30 euro)

3) Julene Arejuela (argazkia, diploma eta 20 euro)

 

Horiez gain, ahari, ardi eta bildots onenen sariak (diploma, zintzarria eta 60 euroko balea), Juan Inazio Ugartemendiak, Joangane baserriak eta Iker Ugartek eraman dituzte, hurrenez hurren. Postu onenaren saria, eta ondorioz, diploma eta 100 euro, Koro Artolarentzat izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!