Historian izandako erabilera emanez

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko urriaren 29a

Eguerdian, Berastegiko plaza eraberrituaren inaugurazio ekitaldia egin dute. Gerturatu diren herritar ugariz gain, Foru Aldundiko kideak izan dira bertan. Ondoren, bote luzeko eta erreboteko partidak ikusteko aukera izan da.

"Udalbatzako kideak oso gustura gelditu gara egindako lanarekin", adierazi du Amaia Azkue Berastegiko alkateak eraberritutako plazaren inaugurazioaren ondoren egindako lehen balorazioan. Ekitaldi xumea izan da. Goi karguetako kideek hitza hartu eta agurra dantzatu dute gero. Hala ere, atzetik lan handia egin dela adierazi du Azkuek, "Duela hilabete batzuk martxan jarritako herrigintza plana heldu da amaierara".

Besteak beste, herritarren irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dira, autobus geltokia berritu da, eta herriko enparantzari itxura berria eman zaio. "Guzti hori aurrera eramateko, ordea, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik diru laguntzak jaso ditugu", aipatu du Azkuek. Hori dela eta, gaur, Etorlureko gerente den Joseba Elosuaren eta Foru Aldundiko Lurralde Oreka departamenduko zuzendari den Iñaki Labakaren bisita jaso dute. Azken unean bestelako ekitaldi bat zuelako, Irma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko zuzendariak ezin izan du Berastegira joan. Herritarren aurrean hitz egin aurretik, azken eraberritze lanak erakutsi dizkie alkateak.

Inaugurazio ekitaldiari amaiera borobila emateko, pilotako bi modalitate historiko ekarri nahi izan dituzte plazara: Bote luzea eta errebotea. Aurrez aurre jokatzen dira biak, ezker paretarik gabe. Lehen modalitatean, Larraul eta Gipuzkoa Bat taldeak aritu dira nor baino nor, eta bigarrenean, aldiz, Villabonako Behar Zana eta Oiartzun taldeek neurtu dituzte indarrak. Azkueren hitzetan, "plaza eraberritzean, kontuan izan genuen historian zehar plazak izan duen erabilera. Hori dela eta, garai batean modalitate ezberdinetan jokatzen zen, eta dimentsioek ematen zuten horrelako zerbait prestatzeko". Ondorioz, bertaratu diren talde guztiei eta herritarrei "eskerrak ematea besterik ez zaiola geratzen", aitortu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!