Proposamenak aintzat hartuta, prest dute frontoiaren eraberritzea

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 26a, 11:13

Berastegiko pilotalekua berrituko dute datorren urtean; parte hartze prozesu bat abiarazi zuen udalak lanak nondik nora egin erabakitzeko eta adostu dute jada eraberritzea.

Berastegiko Ipuliño frontoiak itxura berria izango du datorren urtean. Hiru hilabetez ariko dira bertan eta eraberritzea ez da orain artekoetan bezala, margotzera mugatuko. «Toldo finkoa jarriko dugu, pasarela edo balkoi modukoa aterako dugu eskola aldera, eta ahal dela baita frontoi aldera ere, teilatupean sarea jarriko dugu eta teilatua ere konponduko dugu urak ondo bideratu ahal izateko. Bukatzeko dena margotuko dugu», esan du Amaia Azkue Berastegiko alkateak.

Berastegiko frontoian herriko ekitaldietako asko egiten dituzte eta lanak egiteko aukeratutako epea ere horren arabera zehaztu dute. «Aukeratzen ditugun datak aukeratzen ditugula, beti egongo da zerbait eta eragozpenen bat sortuko da, baina ahal dela eragozpen gutxien sortuko den epea aukeratu nahi dugu, behar bada martxoa eta ekaina bitartekoa», esan du alkateak.

Frontoian zer egin erabakitzeko herritarren iritziak hartu dituzte kontuan, parte hartze prozesu baten barruan. Hiru bilera egin dituzte eta horietako lehenean udal arkitekto eta aparejadoreek eman zituzten azalpenak. «Hainbat eredu diseinatu zituzten eta horien berri eman zieten herritarrei. Proiektu horietan harmailak aldatzea, eserleku gehiago jartzea baina harmailak handitu gabe eta beste balkoi batzuk ateratzea aurreikusten zen, besteak beste. 32 pertsona azaldu ziren eta oso gustura geratu ginen».

ZAZPI PROPOSAMEN

Aurkezpena eta gero astebeteko epea ireki zuten herritarrek ekarpenak egin ahal izateko. Hurrengo saioan herritarren proposamenak jaso zituzten, zazpi guztira. «Proposamen horiek teknikoki kontrastatu genituen eta urriaren 20an erantzuna eman genien herritarrei eta lanak definitu genituen», esan du alkateak.

Proposamen horietako batzuk baztertu egin behar izan dituzte, baina beste batzuk aurrera egin dute. «Herritarrek egindako proposamenetako bat izan zen teilatuaren azpian sarea jartzearena eta hori egingo dugu», azaldu du alkateak.

Komunen irisgarritasun egokitzapena aurreikusita zuten jada, baina herritarrek bestelako proposamenik ere egin zuten, komun bat gehiago egitea proposatuz, baina hori ez dute aurreikusi. Aldageletan dutxak banatzearen aukera bai egingo dutela. «Dutxa guztiak batera daude eta dutxak banatzea, gizon eta emakumezkoenak alegia, erabaki dugu, eta dauden komunak txukunduko ditugu».

Kale Nagusitik eskolara joateko dagoen pasabidean barandak jarriko dituzte eta herritarrek hor arranpa bat jartzea proposatu badute ere, ez da posible izango. «Ezinezkoa da, distantziak ez du ematen aldapa horri bihurgunea egiteko», azaldu du Azkuek.

Frontoiak dituen arkuetan balkoi bat aterako dute eskola aldera eta horrela eserleku gehiago egongo dira. Orain 200 bat pertsonarentzako tokia dago eta lan horiekin beste 200 pertsona sartu ahal izango dira. Balkoi edo pasarela kanpora begira egingo dute eta herritarrek eskatuta, frontoira ere beste balkoi bat ateratzea aztertzen ari dira. «Teknikoek ondo ikusten dute, baina baloratu behar da, pisua nola eutsiko den eta abar aztertu behar da». Toldo finkoak jartzearena ere herritarren proposamen bat izan da.

PARTE HARTZEA

Udalean oso gustura daude herritarren parte hartzearekin. «Frontoi hau ez da frontoi hutsa, funtzio asko betetzen ditu. Gune estali bakarra da eta bertan eskolaz kanpoko ekintzak egiten dira, aste kulturaleko edo festetako hainbat ekitaldi, festetako herri afaria eta San Joan bezperako afaria... erabilera handia du eta oso kontentu gaude herritarrek egin dituzten proposamenekin».

Ipuliño 1987. urtekoa da eta ordutik lauzpabost aldiz margotu badute ere, ez diote funtsezko berritzerik egin. «Erabateko lanak egin nahi ditugu, ur filtrazioekin ditugun arazoei irtenbidea emanaz». Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntza bati esker, lanen %50a finantzatuko du eta lanak 2018ko aurrekontuan sartuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!