Mende laurdena Berastegiko gazteak hazi eta heziz

Irati Saizar Artola 2017ko urr. 11a, 11:14

Azaroaren 12an beteko ditu Muñagorri eskolak 25 urte; ez da eskola handia eta haur bakoitza ezagutzeko aukera ematen du.

Mende laurdena igaro da Berastegiko J. A. Muñagorri eskola inauguratu zenetik; zehazki azaroaren 12an beteko ditu 25 urte. Gurpila martxan jartzea kosta bazen ere, etenik gabeko jarraipenean doa biraka, urtez urte, aldaketei aurre eginez, herriko txikienak hazi eta heziz.

Berastegi herri bizia da, beharrak ikusi eta haietara moldatuz beharrezko aldaketak egiten dituena, herritarren izaera zaintzen duena eta horren alde lan egiten duena.

Berastegi herri txikia ere bada eta herri txiki batek ezinbestekoa du eskola txiki bat. Ados dago horretan Ane Garate, egungo zuzendari eta 25 urtez Muñagorriko irakasle izan dena: «Herri bat ez da ezer formatzeko gazteriarik ez badu; herria bizirik mantentzeko, eskola bizirik mantentzea beharrezkoa da».

Herriko haur eta gaztetxoen sustraiak herrian bertan lotzeko eskola izatea garrantzitsua dela adierazi du Garatek: «Bertako haurrek alde egiten badute kanpora ikastera, haur horiek ez daukate zainik hemen».

Urte hauetan guztietan, ideia hori errotu nahi izan dute Muñagorri eskolan, bertako haurrei, bertako historia eta inguruko mendi zein errekak erakutsiz eta horiekin lan eginez. Baita herriko partaide guztiekin harreman sare bat eraikiz ere: hala nola, udalarekin, zaharren egoitzarekin, gazteekin eta elkarteekin.

Aberastasunaren irudia da eskola. Ez aberastasun ekonomikoarena, ordea; sozialarena baizik. Herri txiki bateko eskola txiki batean, ume bakoitza behar bezala ezagutzeko aukera eta denbora izaten da, herri handi batean hain eraginkorki egin ezin daitekeena.

Aukera horiek guztiak aprobetxatzeko asmoz, mendi laurdena atzera eginda, eskola berri baten beharra zegoela ikusi zen herrian; ordura arte, udaletxeko geletan eskaintzen ziren eskolak; baina, urteek eraginda, gela horien egoera okerrera zihoan eta zerbait egin beharrean aurkitu zen herria.

LEHEN PAUSOAK

Eskola berria eraikitzeko lehen oinkadak 1990ean eman ziren. 1986an eskola eraikiko zen lurzorua apaizetxearena izatetik udalarena izatera pasatzeko kontratua sinatu zuten parrokoak eta Miguel Larburu Galardi orduko alkateak. Behin lurzorua udalarena izanda, frontoia, aldagelak eta futbol zelaia eraiki zituzten eta 1990eko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren esku utzi zuen udalak eraiki gabe zegoen lurzorua, hogeita hamasei hilabetetan eskola eraiki zezan.

Eraikina zutitu zutenean, lekualdaketaren garaia iritsi zen. Garatek gogoan du orduan herri langile zen Jabier Saizar Ollokik eskola zaharreko altzari eta material astunenak eskola zaharretik berrira eraman zituenekoa. Baita eskolan zebiltzan haurren gogo eta ilusioa ere, gauza arinak lekualdatzerakoan. «Gogo handiz egin genuen, eta Berastegin gogoa dagoenean gauzak ondo egiten dira», esan du Garatek. 1992ko azaroaren 12ko inauguraziorako prest zuten guztia, beraz.

Fernando Buesak, garai hartako Gizarte Gaietako lehendakariorde eta Hezkuntza sailburuak inauguratu zuen eraikina. Tartean ziren orduko Berastegiko eta Tolosako alkateak. Baita eskolako irakasle eta herriko haur eta gurasoak ere. Inaugurazio ekitaldian, eskolako haurrek dantza egin zuten eta hamaiketakoarekin borobildu zuten eguna.

Eskola eraikitzeko 883.487 euro behar izan zituzten eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak finantzatu zituen lanak. Guztira 1.615 metro koadroko azalera okupatzen du eraikinak. Bi solairu nagusi ditu eta baita %50ean erabilgarri dagoen ganbara ere.

ALDAKETA HANDIRIK EZ

Mende laurdenaren ondoren, espazio aldetik aldaketa gutxi jasan ditu eskolak.

Lehen urte horietan beheko solairuan liburutegia, irakasleen gela, erabilera anitzeko gelak, aldagelak eta bi ikasgela zeuden. Lehen solairuan berriz, sei ikasgela eta laborategiak, pare bat irakasle gela eta komunak eraiki zituzten. Eta gaur egun, zortzi ikasgela daude bi solairutan banatuta eta hainbat erabilera anitzeko gela ere badituzte. Garai hartan ez bezala, gaur, ganbarari ere erabilera ematen zaio: liburutegia dute, proiektore eta ikasgela batekin batera.

Garateren iritziz, eskolako haurrek berdin-berdinak izaten jarraitzen dute 25 urte pasata ere; alaiak eta seguruak direla dio eta kanpoko gauzekiko nahiko izuak. Aldatu dena teknologia eta tresneria izan dela uste du zuzendariak. Adibidez, hasiera batean, mikroskopioak zituzten eta gaur egun, mikroskopio elektronikoak dituzte, digitalki ikusteko aukera ematen dutenak.

25 urtetik hona, egoera berrietara moldatzen jakin duen eskola izan da Muñagorri, gizartea ere aldatuz baitoa, eta herriak ere norabide bera damara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!