«Gelditzea erabaki dut; lesioez errekuperatu eta familiaz gozatu nahi dut»

Iñigo Otaegi 2017ko ira. 21a, 08:15

Mont Blanc-eko Ultra Trail proban laugarren postua lortu berritan, «gozamen hutsa» bezala deskribatu du esperientzia. Datozen hilabetetan berriz lasaiago ibiliko da, berriz ere itzuliko dela aurreratu badu ere.

Aspaldian, atseden premian sumatzen zuen Ion Azpirozek (Berastegi, 1980) bere barrua. Berarekin elkartu eta bi aste lehenago egin zuen korri azkenekoz, Chamonixeko Ultra Trail proban. Mendirik igo gabe hamar egun soilik badaramatza ere, bidexketatik azeria gisan aritzeko egarria ezin disimulatu dabil.

Laugarren postua erdietsi zenuen egutegiko lasterketarik entzutetsuenetako batean.

Mundu mailan izugarrizko oihartzuna duen ekitaldia da Chamonixekoa. Korrika egiten ari zaren bitartean, sekulako paisaiak ikusteko parada izaten dugu, gozamen hutsa da. Azken kilometroan, kaleetatik barrena igaro nintzeneko uneak, inoizko onenak izan ziren. Gure ingurugiroa mendizalea den bezalaxe, hango zaletuak ere oso sutsuak dira; psikologikoki haien epeltasuna funtsezko faktorea da helmugaratzeko.

Izen handiko korrikalariak gerizpean utzi zenituen.

Bai, pozgarria izan zen oso. Zerrenda gainbegiratu nuenean, ez nuen inondik inora espero lehen hamarren artean amaitzea. Balio handiko balentria, ezbairik gabe.

Tenerifeko lasterketan podiumeko bigarren koskan zinen.

Latz sufrituta ordea. Erdi lesionatuta joan nintzen, eta probaren hondarrean nire mugak gertu nituela sentitu nuen. Hotzean hausnartuta, iruditzen zait gizaki batek ezin duela egoera hain muturrera eraman.

Iaz ostera, Emmonan azkarrena izan zinen.

Bai. Joan den sasoia giltzarria izan zen, korrikalari gisa asko hazi bainintzen. Buruz asko sufritzen nuen lehen, orain hotz mantentzen naiz, egoera edozein dela ere; trankilago kudeatzen dut erronka oro. Gogoan dut Emmonako azken 20 kilometroetan, ordubeteko tartea ateratzen niola bigarren sailkatuari. Alabaina, txakalaldiak jota nengoen, eta nire lagunen babesik ezean, erretiroa hartuko nuen. Telefonoz konbentzitu egin ninduten, eta geroztik, psikologikoki askoz ere indartsuagoa naiz. Segidan etorri ziren zirkuitu bereko beste bi Ultra Trail, bata 90 kilometrokoa eta bestea 100ekoa. Laugarren eta lehen postuak lortu nituen hurrenez hurren, eta zirkuituko garaile izendatu ninduten.

Ze baldintzatako lasterketak dituzu gogokoen?

Mantsoak direnak aukeran nahiago; desnibel handikoak eta teknikoki zorrotzak, alegia. Sekula ez naiz korrikalari izan, mendi martxetatik sortu zitzaidan afizioa; beraz, abiadura faktore garrantzitsua bada, nire kalterako izaten da.

Beraz, ze estilotako korrikalaria zara?

Hasieran lasai ateratzea gustatzen zait, ibilbidea eta aurkariak aztertu, eta bukaeran erritmoa igo. Ez dut uste izugarrizko tarteak irekitzen dituen korrikalaria naizenik, baina, oso erregularra naiz. Maldak jaisten asko disfrutatzen dut.

Noiz probatu zenuen lehenbizikoz Ultra Trail lasterketa?

Bada, aurtengoa bosgarren urtea izan da. Mendiko lasterketetan ostera, 2003an hasi nintzen. Prozesua pixkanaka joan da, jauzi handirik eman gabe; nire gorputza ezagutzeko ezinbestekoa izan da patxadaz hartzea.

Hori ez da parte hartzaile denen kasua. 

Hala da. Lasterketa gehienetan, erretiro ugari izaten da. Esaterako, BehobiaDonostia maratoian, asko jota bi mila pertsonek abandonatuko dute. Emmonan aldiz, irteeran 400 korrikalari baginen orotara, 100 soilik helmugaratu ginen. Kontzientzia ariketa baten premia dago.

Ultra Trail munduak, laguntza ekonomikorik apenas jasotzen du.

Janarian eta arropan bakarrik, diru zorroa erraz hustutzen da. Halere, nahiko zorteduntzat dut nire burua; oinetako eta arropa marka batek babesten naute. Horrez gain, masajista eta podologoen babesa ere funtsezkoa da gure bokazioan. Euskal Selekzioa ere bada, baina, aurrekontu murriztuagatik, urtean pare bat lasterketa besterik ez dituzte egiten. Bakoitza bere bidetik joaten da normalean.

Osasunarentzat kaltegarria denaren kontu hori, astakeritzat duzu?

Beste mito bat baino ez da. Gorputzak non sufritzen du gehiago, asfaltoan edo mendian? Gorputz bakoitzaren araberakoa da hori. Ezin da aurreikuspenik egin, ez dugu zertan horrela ibiltzen garenok gurpildun aulkian bukatu.

Euskaldun mordoak hartzen du parte.

Bai, geroz eta jende gehiagok. Kataluniarekin batera, estatu mailan, federatu gehien ditugun autonomia erkidegoa gara. Espreski emakumeen presentzia areagotu da.

Mokoa ixteko beharra.

[Barreak] Mokoa itxi baino, ondo jatea da kontua. Entrenamenduak eta dieta oso zorrotzak egiten ditut, premiazkoa da, gorputzak ikaragarri antzematen du. Nire entrenatzaileak ere horretan zeresan handia du. Gainera, dieta errespetatuz gero, lesio gutxiago izaten dira.

Zentzu horretan, ez duzu zorte handirik izan.

Ez, dezente sufritu dut. Futbolean aritu nintzen Tolosako taldean, jubenilak arte; eta tibia eta peronea bitan hautsi nituen. Gerora, mendian asko baldintzat nau, eta konfiantza gabe aritzen nintzen. Azken sasoi honetan ere, belaunetik arazoak izan ditut, eta pausoa ematen nuenero, ziztada baten modukoak sentitzen nituen.

Familia sostengu, ezinbestean.

Eskerrak. Sarri asteburu pasa Pirinioetara joatean, emaztea bi seme-alabekin geratzen da furgonetan zain, nik korrika egin bitartean. Halere, beti animatzen naute jarraitzeko. Aisialdi tarte gehiagoren beharra dut.

Trankilago ibiliko zara datozen hilabeteetan.

Gelditzea erabaki dut. Lesioez errekuperatu eta familaz gozatzea da nire desioa. Berriz ere itzuliko naiz, baina bitartean, seme-alabez gozatu nahi dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!