Mariano Arsuagaren lanak ikusi daitezke Koldo Mitxelenan

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 19a, 09:34

Berastegin bizi den artista irundarrak 'Lorategiak airean' erakusketa inauguratu berri du Donostian eta koadroak azaroaren 4a arte ikus daitezke.

Pinturaren munduan ibilbide oparo eta luzea du Mariano Arsuaga (Irun, 1954) margolariak. Urteak dira Berastegin bizi dela eta behin baino gehiagotan erakutsi ditu bere lanak eskualdean, bai Berastegin bertan, eta baita Tolosan ere. Oraingoan, ordea, Donostian ditu bere margoak. Koldo Mitxelena kulturgunean jarri du Lorategiak airean erakusketa eta azaroaren 4a arte ikusi ahal dira asteartetik larunbatera bai goizeaz eta baita arratsaldez ere. Lorategiak airean erakusketa ganberan, hirugarren soilaruan, dago ikusgai.

Artistak esan duenez, erakusketaren izenburua, Lorategiak airean, «bat dator aurkezten dudan pintura sail batekin, eta nire ustez, prestatzen aritu naizen erakusketaren espiritu globala laburbiltzen du. Atsegin dut lorategi baten eta erakusketa baten arteko paralelismoa, bata eta bestea lur zati mugarriztatu bat dira, zeinetan unibertsoa, mundu osoa jaso daitekeen. Eta biek partekatzen dute izaera bikoitz hori, aldi berean eraikuntza materialak eta intelektualak izatearena».

Erakusketa espazioan egindako esku hartze bat dela dio Arsuagak eta bere asmoa dela «ikuslearen ikusmen-sentsazioak areagotzea eta kolore unibertso batean sartzea, oroimen batean edo amets batean murgiltzen garen moduan. Koadro bat habitatu ahal izateko eta koadro hori itxuratzen duten gako intelektual eta zentzumenenzkoetan barneratu ahal izateko gonbidapen bat da».

Koldo Mitxelenako ganberan margolariak 2010 eta 2015 urteen artean egindako 20 bat lan ikusi daitezke eta sartu eta berehala ikuslearekin interakzioa sortzeko lana ere jarri du.

Donostia eta gero, erakusketa Iruñean jarriko dute eta ondoren, Gasteizen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!