Oinezkoei begirako plaza eraberritua dute jada, berastegiarrek

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 7a, 09:52

Oztoporik gabeko plaza dute orain, Berastegin; Oporleku eta Alderdieder pareko espaloia txukuntzen ari dira orain eta segituan hasiko dira autobus geltoki berria egiten.

Berastegiko plazak itxura berria du. Maiatza inguruan hasi ziren plaza eraberritzen eta abuztuko Sanlontzo festetarako prest zegoen jada plaza berria. «Herritarrak ohitzen ari dira gune berrira, ondo hartu dute eraberritzea, baina oraindik bere egin behar dute», esan du Amaia Azkue alkateak.

Plazan oztopo arkitektoniko guztiak kendu dituzte irisgarritasuna hobetuz. «Oinezkoentzako egokitu da plaza, orain ez du oztoporik, dena bat eginda dago eta koskak kendu dira. Zoru egokia ere jarri da; lehen asfaltoa zegoen, ibilgailuei begira, eta orain oinezkoentzako zoru egokia jarri da», esan du. Orain beraz, zamalanak egiteko bakarrik sartu ahal izango dira autoak plazara. Bertako bizilagunak ere sartu ahal izango dira, Kale Nagusian dauden garajeetara iritsi ahal izateko.

Eraberritutako plazak nabarmendutako hainbat elementu ditu. «Plazan hainbat pilota joko jokatzen ziren eta horiek mantendu dira. Zoru mota batean garai bateko pilota jokoaren eremua mantendu da eta pilota jokatzeko marrei erabilera bikoitza eman zaie, jokorako eta gauean argiztapen berezia emateko. Pilota jokorako eremuan zoru mota bat dago eta gainontzekoan beste bat», gaineratu du. «Plaza ixteak sortu dituen eragozpenei irtenbidea ematen ari gara pixkanaka», gaineratu du alkateak.

Plazan lanekin batera beste bi lan ere esleitu zituzten alkateak gogoratu duenez, eta horietako bat, Oporleku eta Alderdieder pareko espaloiaren egokitzapen lana, bukatzear dago. «Espaloiko zorua aldatuko da eta galtzadarri gorria jarriko da, horretan ari dira jada. Zeuden zuhaitzak ere kendu dira, zati horretan ez zegoen landaretza beharrik, eta zuhaitz gehienak ez zeuden ondo eta kendu dituzte. Eguzkialde auzoan eginak ditugun lanekin batera –zebrabidea eta abar– gune horren eta plazaren arteko lotura bukatuko da. Bi auzoak elkartuko dira modu egokian».

Lan horiek bukatuta hasiko dira autobus geltokiarekin, hain zuzen plazarekin batera esleitutako hirugarren lana da hori. Autobus geltoki berria Tolosarantz edo Leitzarantz joateko zonaldean jarriko dute. Lan guztiak urrirako bukatuko dituztela esan du Azkuek.

Honekin batera uda honetan hamar plaza dituen aparkaleku berri bat egin dute eta atzo bertan eskola ondoko parkea hasi ziren berritzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!