San Lorentzo Eguna ospatzen ari dira gaur Berastegin. Goizean mendi bizikleta lasterketa herrikoia egin dute, hain justu santuaren izena duen mendian. Euria eta hotza izan dira protagonista, ordu horietan plazan 11 gradu jartzen zuen termometroak.
Udal ordezkariak eta hainbat herritar elizara joan dira ondoren, Alkate soinua izeneko ekimenean. Hau da, txistularien atzetik.
Batzuk elizan eta besteak frontoian, esku pilota partidak jokatu baitira bertan. Aurpegi ezagunak irten dira kantxara, gainera. Lau t'erdian, Aritz Lasa eta Mikel Olazabal neurtu dira. Aresoarrak 22-14 irabazi dio Lasari. Urretxuarra aurretik jarri da partida hasieran, baina Olazabal berotu denean, tanto ederrak eginez 22ra iristea lortu du. Ondoren binakako partida jokatu da: Onsalo-Gorrotxategi vs. Salaberria-Urruzola. Frontoia bete duten pilotazaleak Onsaloren alde zeuden, argi eta garbi, bertan bizi baita eta pilotari berezia dela erakutsi duelako: maitatua. Gorabehera handiko partida izan da, eta azkenean, 22-19 irabazi dute gorriek, Onsalo-Gorrotxategik. Kanpoan oraindik euria.
Arratsaldean bertsolariak eta dantzariak
Bazkari luze baten ondoren, herritarrak kalera 18:00ak aldera jaitsi dira, bertsolariak ikustera. Oholtza gainean: Iñigo Gorostarzu herritarra, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio , Iker Zubeldia eta Amets Arzallus. Gai-jartzailea, Amaia Agirre. Giroa bezala hotz hasi da saioa, baina ondoren berotzen joan da. Pilotalekuak oso itsura ederra hartu du, aulki eta harmailak jendez beterik zeudela.
Pilotalekutik ateratzean ateri zela ikusi dute festazaleek. Plazara joateko ordua zen eta ia inork ez du hutsik egin. Festetarako aurpegi berria duen plazan dantzariak aritu dira saltoka; eguzkia ere atera da.
Oraindik izango da zer ikusia eta dantzatua Berastegin. Lehenik zahagi ardoa eta ondoren, bi emanaldi: 22:30ean Errimak oinetan dantza ikuskizuna, Haatik dantza konpainiaren eskutik eta ondoren,Ezten Giro erromeri taldea.
BIHARKO EGITARAUA:
10:00. Goiz deia.
11:00. Haurren frontenis txapelketako finalak.
12:30. Pala txapelketako finalak.
19:30. Herritarren arteko herri kirolak, eskola atarian.
Ondoren. Perku-poteoa, herriko batukada taldearen eskutik.
21:30. Herri afaria.
Ondoren. Salontzotako kartel lehiaketako eta leiho, lorategi edota balkoi lehiaketetako sari banaketa.
00:00. DJ Andoni.