Euskal Herrian gizarte mugimenduen autonomia murritza izan da historikoki, alderdien gonapeak zabalak izan baitira oso. Kasu honetan, erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak lortu du autonomoa izatea, ziur aski, gorpuzten joan den urte hauetan, beste lehentasun batzuk izan dituzten alderdi politikoekin egin duelako topo. Aldaketa politikoetan aditu den batek esana da, errotiko aldaketa prozesuak herriak dituela hasten, eta lider politikoek burura eramaten. Denen beharra izango da beraz.
Beti da zaila etorkizuneko eszenatoki politikoa aurreikustea. Euskal Herriaren geroa gainera, datozen bi-hiru urteetan bertan zein kanpoan gertatuko denaren arabera hasiko dela gorpuzten dirudi. Edonola ere, epe ertainean ezin genezake aurreikusi gaur egin zaigun moduko galdera bati erantzungo diogunik. Ikusita zeintzuk diren eragile politikoek martxan jarri ahal izango dituzten estrategien ahultasunak, eszenatoki posibleagoa dela dirudi gisa honetako hurrengo erreferenduma testu arautu berri bati gure babesa emateko izatea.
Horregatik, gizarte zibilak etorkizunean beteko duen papera funtsezkoa da. Funtsezkoa, batetik, erabakitze eskubidearen ideia sozializatzen jarraitzeko. Potentzial handiko kontzeptua da, ez soilik maila politikoan aplikatzeko, baita beste hainbat eremutan ere; herritarren ehuneko zabal batek bere egiteko aproposa da gainera. Eta bestetik, datozen urteetako burujabetza prozesu gradual horretan legitimazio funtzioak betetzeko. Alderdi politikoak lortzeko gauza izango diren helburuak gizarte zibilak azken urteetan emandako aurrerapausoen araberakoak izango dira.