Kirolariekin kontu kontari

Irati Saizar Artola 2016ko aza. 9a, 11:22

Kultur asteko ekitaldien artean, mahai ingurua antolatu zuten kirolari profesionalekin Berastegiko udaletxean. Gonbidatuak, Myriam Elorza Ibarrako sokatilararia, Aitziber Ibarbia mendi lasterkaria, Iñaki Artola eta Iker Irribarria pilotariak eta Mikel Nieve txirrindularia izan ziren.

Geldi egotekoak ez diren arren, patxadaz eseri eta kontuak kontatzeko gogoarekin agertu ziren Berastegira bost kirolariak joan den ostiralean. Bakoitzak bere esperientziatik, ikusi eta ikasitakotik hitz egin zuten mahai gainean izan zituzten gai ezberdinez. 

Hasieran, kokatzeko, beraien ibilbideaz hitz egin zuten. Hiru mutilak, txiki-txikitatik dabiltza gaur egun praktikatzen duten kirolean. Artola eta Irribarria oso txikitatik hasi ziren frontoira joan eta pilotarekin jolasean eta Nievek ere txikitatik du bizikletarekiko afizioa, herriko kaleetan barrena gurpil gainean mugitzen zen lagunen konpainian. Neskek, aldiz, beranduago heldu zioten. Ibarbiari bi umeren ama izan ondoren, 2010ean egin zitzaion tentagarri mendi lasterketetan parte hartzearena eta Elorza, 2009an hasi zen sokatiran, apustu bat tarteko.

Kirolari profesional moduan hasi zirenetik, entrenamenduei denbora asko eskaintzen diete denek. Ia egunero entrenatzen dute eta astean egun bat edo gehienez bi hartzen dituzte jai. Sokatira bereizten da besteetatik, astean bitan entrenatzen baitute kiroldegian eta beste egun bat bakoitzak bere kabuz fisikoa prestatzeko hartzen dute.

Prestaketa lanetan elikadura garrantzizkotzat jo zuten guztiek. Denak zaintzen dira era batera edo bestera. Sokatirak ordea, pisuaren araberako kirola denez, kontrol handiagoa eskatzen du. Elorzak azaldu zuenez, sakrifizio handia da denbora gutxian pisua galdu edota hartu behar izatea: «Pasa izan zaigu, txapelketa jokatzeko astebeteren faltan 3-4 kilo galdu behar izatea, egunero saunara, gosaltzeko fruta bat, bazkaltzeko zopa eta afaltzeko tortilla bat jan behar izatea». Txapelketa hasi baino bi ordu lehenago jarri behar izaten dute baskularen gainean, beraz, ondorengo bi ordu horiek aprobetxatzen dituzte azukre pixka bat hartzeko.

Garaipena eta porrotaren inguruan ere aritu ziren. Bakoitzak modu ezberdinean bizi ditu bai bata, bai bestea, baina antzekotasunak ere aipatu zituzten. Txirrindulari eta mendi lasterkariak, adibidez, lasterketatik erretiratzea porrota kontsideratzen dute eta lasterketa bukatzea garaipena da bientzat. Pilotariek eta sokatiralariak, partida edo tiraldia sentsazio onarekin amaitzea hartzen dute garaipen gisa. Porrota, berriz, aurreikuspenak betetzean ez dituztenean sentitzen dutenarekin alderatu zuten.

Bakoitzak bere kirolaren ikuspegitik, gustatzen zaion zerbait, soberan ikusten duen hura eta faltan sumatzen duena aipatu zituzten. Elorzaren ustez, sokatiran laguntasuna da gehien baloratzen duena, eta «nesken falta izugarria eta entitateen laguntza eskasia» azpimarratu nahi izan zituen.

Ibarbiarentzat, egiten dituen bidaiak dira gehien gustatzen zaizkionak. Euskal Herriko selekzioan dago eta federazioak ordaintzen dizkio bidaietan «jende berria ezagutzeko aukera» aprobetxatzen duela esan zuen. Faltan ikusten duena, hadabideen oihartzuna: «Kalitatezko korrikalariak ditugu Euskal Herrian eta apenas ezagutzen ditugu, oso gutxi agertzen baikara telebista eta prentsan».

Artolak pilotan aritzea du gustukoen, baita kiroletik bizitzea ere. «Zorte ikaragarria daukagu guk, futbola alde handiarekin daukagu aurretik, baina, Euskal Herri mailan pilota dago futbolaren atzetik. Niretzat dimentsio handia du pilotak hemengoa delako; horrek asko erakartzen nau». Pilotak soberan eta faltan duena erantzun bakarrean eman zuen: «Oso mundu maskulinoa da pilota, mutilak bakarrik daude eta nahiz eta geroz eta emakume gehiago dabiltzan palan, gure estatusetik oso urrun daude eta hori kezkatzekoa da».

Irribarriak aldageletako giroa du gustukoen: «Nahiz eta momentu jakin batean aurkari izan, lagun handiak gara gehienak eta hori asko baloratzen dut». Kezkatzen duena manipulazioa da. «Pilota erraza da manipulatzen, bai piloten aldetik, baita frontoien aldetik ere; korrika edo txirrindularitzan nabarmena da nor den onena. Pilotan hori ez da gertatzen».

Nieveri Artolari bere kirolean bezala gertatzen zaio, bizikletan ibiltzea da gehien gustatzen zaiona, baita bere burua nola hobetzen den ikustea ere. Faltan «emakumeen presentzia» eta soberan «dopinaren inguruko fama eta zurrumurruak» daudela adierazi zuen.

Behin baino gehiagotan jarri zuten genero arteko diferentziaren gaia mahai gainean. «Orokorrean kirola maskulinoa da, bai hemen eta bai mundu guztian», baieztatu zuen Elorzak. Gaurdaino aurrerapen gutxi eman direla uste du Ibarbiak. «Herrian bertan, Zizurkilgo Danena futbol eskolan 350 ume ingurutik soilik 10 izango dira neskak». Aurrerapenen beste ikuspegi bat azaldu zuen Artolak: «Nesken kirolari begira aurrerapausoak ematen direla esaten dugunean, ez dakit zenbateraino jarri beharko genukeen pilota edo gizonezkoen futbola eredutzat, nire ustez, futbol jokalariek eta neurri batean pilotariek ere irabazten duten dirutza, kirolaz bizitzeko daukaten modu hori eta ematen duten irudia, ez dira oso desiragarriak».

Genero ikuspegitik fama kontuetara jauzi eginez, neskek txanda pasa egin zuten arlo horretan, izan ere, hauen iritziz normalean mutilak izaten dira fama gehien hartzen dutenak, komunikabideetan ere hala agertzen direlako. Fama izateak ordea, alde onak eta txarrak ditu. Irribarriaren esanetan, «fama kontua ondo eraman beharrekoa da, bestela, berak jaten zaitu eta askotan sufritu egiten da, ematen duena baino pisu eta lan gehiago baitu».

Bukatzeko eta bitxikeria moduan, partidu, lasterketa edota txapelketen aurretik edo bertan izaten dituzten ohiturei buruz jardun zuten. Ibarbiak kanpora joaten denean ikurrina eramaten du, buffa ere ikurrinaduna janzten du eta lasterketa hasi baino hiru ordu lehenago gosaltzen du. Elorzak eta bere Ibarrako taldeak «ohitura txarra» omen dute. Astean zehar entrenatzen direnean, ez omen dira batere berotzen eta txapelketetara doazenean, korrika eta luzaketak egiten aritzen omen dira eta gero komeriak. Irribarriak, berriz, goizetan Ordiziara joateko ohitura omen du, paseo bat eman eta urdaiazpiko pintxoa jatea gustatzen omen zaio.

Kontuak kontu, denbora luzez jardun zuten bost kirolariek tertulian eta jendearen aurpegietan nabarmentzen zen kuriositate eta jakin-minak asetzeko balio izan zuela. Kirolean iaioa denak ez du zertan jendaurrean trebea izan, baina, hauek bietarako balio dutela argi erakutsi zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!