«Tolosara jaitsi beharrean, herrian geratzen dira orain»

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 20a, 12:56

Berastegiarrek txikitatik kirola egiteko aukera edukitzea nahi izan du eta horregatik hasi zen eskola kirola herrian mugitzen. Bera ere kirolaria da diziplina ezberdinetan eta beti mugitzeko gogoz dagoena.

Iker Saizar (Berastegi, 1981), kirolari amorratua diziplina ezberdinetan, futbola, mendia, txirrindularitzan, baina batez ere txirrindularitzan. Aspaldian lotura handia du Berastegiko kirol arlo ezberdinekin eta herriko txikienekin ibiltzen da gehien bat lanean.

Berastegi eta kirola Iker Saizarrekin lotuak daude?

Azken urte hauetan, Berastegin kirol asko egiten da. Neska talde bat daukagu areto futbolean Ibarran jokatzen, Mutil talde bat futbol 7-ko txapelketa jokatzen Donostian, Zikloturista taldea, pilota... Gaur egun gainera, txikitatik kirola egiteko aukera dute eta hori da gazteek behar dutena. Lehen Tolosara jaitsi behar izaten zuten kirolen batean apuntatu nahi izanez gero edo Berastegin pilotan. Gaur egun aukera zabalagoa dute, eskola kirola egiteko aukera dute 12 urte bete arte eta orduan jaisten dira Tolosara.

Talderen bat entrenatzen duzu zuk?

Eskola kiroleko arduraduna naiz eta baita nesken areto futboleko entrenatzailea ere. 10 urte inguru daramatzat Berastegin entrenatzen. Hemen hasi baino lehenago, Tolosan ere ibili nintzen infantil mailako futbol taldea entrenatzen baina Berastegiko herrian gabezi handia nabaritzen nuen eta zerbait egiteko beharra ikusi nuen. Lehen aipatu bezala, Tolosara jaitsi beharrean, umeak herrian geratzeko aukera eman behar zitzaien. Horrela sortu genuen eskola kirola eta gaur egun, 7 urtetik 12 urtera bitarte herrian geratzen dira kirol ezberdinak jorratzen, futbola, eskubaloia, saskibaloia...Neska taldeari dagokionez, aurten oso denboraldi ona egin dugu eta hori dela eta, neska asko talde ezberdinek fitxatu dituzte. Oraindik ez dakigu datorren urterako talderik egongo den Berastegin ez dagoelako aukera askorik, baina gustura gaude egindako lanarekin. Pilota ere hortxe dago, beti egon da afizioa pilotarekiko eta lehen zeuden arduradunek utzi zutenean, gu jarri ginen horren arduradun ere. Eskola kirola, nesken areto futbola eta pilota eskola koordinatzen saiatzen naiz. Azkenik, futbol 7ko taldea dugu, bertan jokatzen eta antolatze lanetan ibiltzen naiz, horrelako taldekideekin erraza da.

Futbol 7ko taldearekin Katalunian ere izan zarete?

Aurtengoan, mutil taldea joan da Cambrills aldera jokatzera. Ekainean joan ginen Donostiako futbol 7 txapelketatik gonbidapena jasota. Bost urte inguru daramatzagu bertara joaten jokatzera, aurreko urteetan adibidez neska taldea ere joan izan da bertara jokatzera. Asteburuetan helduentzako txapelketak izaten dira eta astean zehar txikientzat. Txikiekin ere aurtengoan ez gara joan baina datorren urtean joaten saiatuko gara. Antolakuntzan ibiltzen direnak Donostiakoak dira eta bidaia eta hotela ordaintzen ditugu eta asteburu pasa joaten gara herritik. Azken finean, urteko denboraldia amaitu eta deskonektatzera joaten gara. Oso gustura joaten gara, kirola egin, lagunekin egon eta juergatxoren bat edo buelta bat ematera ateratzen gara.

Eta zuk, zein kirol egiten duzu eta zein duzu gustukoen?

Egia esan denetik egiten dut. Futbol 7ko taldean nago, mendi martxetan, mendiko duatloietan, errepideko bizikletarekin ere. Gehien gustatzen zaidana txirrindularitza da, horrek betetzen nau gehien. Lehen mendian ibiltzen nintzen gehiago baina txirrindularitzarekin gehiago disfrutatzen dut. Gainera jendearekin ibiltze horrek, entrenatzera atera, laneko taldearekin edo Berastegiko lagun taldearekin. Gero proba ezberdinetan parte hartzera joaten gara, Quebrantahuesos proba adibidez, 10 aldiz egin dut, Irati extreme, Behobia beste 10 aldiz, Zegama-Aizkorri beste 4 aldiz. Denetarik egitea gustatzen zait azkenean.

Entrenamendu orduak ere izango dituzu, ezta?

Aste guztian zehar ibiltzen naiz, denbora dudan moduan. Denboraren arabera mendira joaten naiz edo ahal izanez gero bizikletan ateratzen naiz. Azkenean mendiko proba horiek entrenamendu ordu eta sakrifizio asko eskatzen dute. Horregatik adibidez futbol 7ko taldean aritzea ez zait batere gogorra egiten. Ezer askorik entrenatu gabe ibili naiteke, bizikletan eta mendiko probek berriz entrenamendu ordu asko eskatzen dituzte baina badakizu, gustuko lekuan aldaparik ez!

Zer iritzi duzu aurtengo Tourraz?

Nahiko berdindua dago egia esan, gaur egun ez da horrelako ezberdintasunik ikusten parte hartzaileen artean. Froome nagusi da nik uste, erori ezean. Hala ere gaur egun kosta egiten da aldeak ateratzea, lehen izugarrizko aldeak ateratzen ziren baina gaur egun 30 segundo ateratzea asko kostatzen zaie. Aurten ezin izan dut joan lanean ibili naizelako baina beste urtetan joan izan naiz ikustera. Lehengo urtean adibidez, Alpeetan egon ginen 15 egunez Tourra jarraitzen, emaztea eta semeekin. Horiek bai leku ederrak! Goizean portutxoren bat igo eta arratsaldean familiarekin karrera ikustera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!