Berastegiren aurkako salaketa kendu du Urkijok

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 20a, 08:00

Uemara sartzeagatik jarritako salaketa kendu du Carlos Urkijo gobernu ordezkariak. Berastegirekin batera, Zerain, Ea eta Dimak ere salaketa jaso zuten.

Azkenean iritsi da albiste ona Berastegiko Udalarentzat. Carlos Urkijo Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkariak jarritako salaketak atzera egin du epaia atera aurretik. 2014ko martxoaren 31ko osoko bilkuran, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko erabakia hartu zuen Berastegiko Udalak. Urkijok salaketa jarri zuen 2014ko irailaren 1ean. Berastegiz gain, Zerain, Ea eta Dimako udalei ere jarri zieten salaketa, baina 2016ko ekainean kendu zituen. Berastegi zen, hortaz, salaketa oraindik indarrean zuen udal bakarra.

Berastegiko Udalak bide luzea egin behar izan du; epailearen sententziak alde izan arren, Urkijok helegitea jarri zuen epailearen sententziaren aurrean. Oraingoan ordea, «Urkijok berak kendu du jarri zuen salaketa» epailearen sententzia atera aurretik, Amaia Azkue Berastegiko alkateak adierazi duenez. «Helegitea kentzea orain gutxi onartutako udal legearen ondorioa da», azaldu du Azkuek. «Eskumen gehiago dituzte udalek eta Uema onartuta geratzen da udal lege berri honen aurrean. Udal lege berri honek berme gehiago ematen dizkie euskaraz jardun eta euskara sustatu nahi duten udalei, baita aktak euskara hutsean aurkezten dituztenei ere».

UEMAREN GARRANTZIA

Uemak, Udalerri euskaldunen mankomunitateak, herritarrak arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten duen mankomunitatea da. Euskara nagusi den lurguneak erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskaldunak zabaltzea bultzatu nahi du Uemak bere lanarekin. Udalerri hauetan, lurgune euskalduneko herriak izaki, biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz eta gaur egun, 73 udalerrik osatzen dute Uemaren sarea. Eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da Uema eta lan horretan dihardu urte guzti hauetan. Izan ere, euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek. Instituzio mailatik haratago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzuak ere eskaintzen ditu mankomunitateak.

ESKUALDEKO UDALERRIAK 

Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-txarama, Lizartza, Orendain, Orexa eta Tolosa osatzen dute Uemaren sarea eskualdean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!