Uemara sartzeagatik jarritako salaketak erretiratu ditu Gobernu Ordezkaritzak

Maier Ugartemendia 2016ko eka. 15a, 10:49
Irudian, lehen lerroan Berastegiko Udaleko ordezkariak, duela gutxi Leitza ospatu berri den Uema Egunean. Argazkia: Ueman

Espainiako Gobernu Ordezkaritzak, besteak beste, Berastegiko Udalaren aurka jarri zuen salaketa Ueman sartzeko erabakiagatik.

2014ko martxoaren 31n osoko bilkuran Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko erabakia hartu zuen udalak. Errekerimenduei erantzun arren, irailaren 1ean helegitea jarri zion Urkijok hartutako erabakiari.

Azken hilabeteotan Carlos Urkijok beste udalerri batzuen aurkako helegitea ere jarri zuen; Zerain, Ea eta Dimako udalak salatuz eta epaitegietara joz. Uemak jakinarazi duenez, ordea, salaketa horiek erretiratu egin ditu orain Espainiako Gobernu Ordezkaritzak. Nahiz eta, Amaia Azkue, Berastegiko alkateak, Tolosaldeko ATARiari jakinarazi dionez, eurek oraindik ez dute jakinarazpen ofizialik jaso eta hortaz, "zain" daude oraindik.

Uemak jakinarazi duenez, salaketa guztiak EAEko Udal Legea onartu aurrekoak ziren: "Apirilaren 15az geroztik indarrean den EAEko Udal Legeak, ordea, hizkuntza politika garatzeko eskumena ematen die udalei, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko aukera legez babesten du. Izan ere, euskara sustatzeko beste erakundeekin elkarlanean aritzea edota euskara sustatzeko mankomunitateak, elkarteak edo partzuergoak eratzea ahalbideratzen du lege berriak".

Erabakia Udal Legea onartu eta aste batzuetara Azuitegi Nagusiak udalerri euskaldunek aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko behin betiko "epai irmoa" eman ostean datorrela gogorarazi du Uemak. 

Aipatu bezala, Zerainek, Eak eta Dimak, azken egunotan jaso dute epaitegitik jakinarazpena, Carlos Urkijok salaketak erretiratzen dituela eta auziak bertan behera geratzen direla nabarmenduz. Baina, Berastegiko Udalak erabakiaren zain jarraitzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!