Euskal Jai Eguna bigarren urtez ospatzeko «gogoz»

Maier Ugartemendia 2016ko eka. 2a, 10:10

Irudian, iazko euskal jolasetako une bat.

Urepele elkarteak euskal kultura sustatzeko asmoz antolatu du Euskal Jai Eguna larunbatean, Berastegin; iazko arrakasta errepikatzea espero dute.

Larunbatean Euskal Jai Eguna ospatuko dute Berastegin, Urepele elkarteak antolatuta, baina herritar guztiei zabalduta.

Beste hainbat herritan festa hori ospatzen zutela eta, «inbidiaz» egoten ziren berastegiarrak Ane Urkizu antolatzaileak azaldu duenez. Euskal kultura sustatzea dute helburu.

Iaz antolatu zuten jai eguna lehen aldiz, eta «urtero» errepikatzeko modukoa zela pentsatu zuten. Izan ere, antolatzaileak «oso gustura» gelditu ziren jendeak emandako erantzunarekin. Heldu eta gazteek parte hartu zuten festan, eta eurengandik «oso ondo» pasa zutela eta egun «polita» izan zela jaso zuten. Beraz, hitz horiek beste urte batez festa antolatzeko «gogoa» piztu zieten.

EGUN OSOKO FESTA

Pintxo lehiaketarekin emango diote hasiera festa egunari. Iaz ere antolatu zuten lehiaketa eta «talde mordoxkak» izena eman zuen eta pintxo «bereziak» prestatu zituzten, gainera. Ondoren, dastaketa egiteko aukera ere izan zuten pintxo horiekin, eta «ondo» atera zenez aurten errepikatzea pentsatu dute. Helduek pintxoak prestatzen dituzten bitartean, haurrek pilotekin «ariketa desberdinak» egiteko aukera izango dute frontoian.

Eguerdian «herrian trikitilari mordoxka» dagoela aprobetxatuz, urte amaierako emanaldia eskainiko dute. Bitartean epaimahaiak pintxo lehiaketako pintxoak dastatuko ditu, eta ondoren sari banaketa eta pintxo horien dastaketa egingo dute. Jarraian, gosea asetzeko, eguraldia lagun delarik, eskola ondoko futbol zelaian egingo dute herri bazkaria.

Arratsaldean, taldeka euskal jolasetan parte hartzeko aukera izango da Euskal Jai Egun batean falta ezin duen erromeriaren aurretik. Egun osoko festa «osatzeko» luntxa egingo dute ondoren, aurten lehen aldiz.

EUSKAL JANTZIAK

Urepele elkartearen helburua antolatutako ekimenak herritarrei zabaldu eta euren parte hartzea bultzatzea da, eta «poza» hartzen dute Euskal Jai Eguna bezalako jaietan hori lortzen dutenean. Hortaz, iaz bezala aurten ere larunbateko festa herritar guztien bilgune izatea espero dute.

Festa girotzen laguntzeko, gainera, dei egin diete festan euskal jantziekin parte hartzeko. Eta herritarrak zein kanpokoak «animatu» ditu Urkizuk festara, «egun borobila» ateratzeko esperantza baitute.

EUSKAL JAI EGUNA

Ekainak 4, larunbata

11:00. Pintxo lehiaketa herrikoia. Bitartean, haurrentzako pilota jardunaldiak.

12:00. Herriko trikitilarien trikiti emanaldia. Ondoren, pintxo dastaketa eta pintxo lehiaketako irabazleen sari banaketa.

14:30. Herri bazkaria.

17:30. Euskal jolasak izango dira.

Jarraian. Erromeria Harkaitz Allur eta Maddalen Arzallusen eskutik. Ondoren, luntxa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!