Gogoa izatea da garrantzitsuena

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 19a, 10:37

Irudian, Lauburu Berastegi taldea kopa irabazi ondoren, babesa ematera jaon ziren herritarrekin batera

Berastegi Lauburu talde birsortuak lehen denboraldia amaitu berri du, eta emaitza onekin egin du, gainera. Esperientzia faltari, taldearen gogoarekin erantzun diote, eta hori emaitzetan nabaritu da.

Denboraldia amaitu berri dute Lauburu Berastegi taldeko kideek. Lehenengo probintzialetan aritu da talde berrosatua. Zaletuekiko esker hitzak dituzte Naroa Zubiria, Oihane Zubiria eta Lierni Garziarena jokalariek, eta baita Iker Saizar entrenatzaileak ere.

Partidu garrantzitsu batzuetan huts egin izanaren sentsazioa badute ere, denboraldia «oso ondo» joan dela uste dute; «oso gustura» aritu dira. Saizar entrenatzaileak ere «urte ona» izan dela uste du. Hirugarren amaitu dute sailkapen orokorrean, eta horregatik play off-etako finalerdiak jokatu zituzten, baina lehen partida galduta kanpoan geratu ziren. Hala ere, aipatu behar da ligako goleatzaile handiena Mireia Barriola taldekidea izan dela.

Horrez gain, apirilaren 29an, Areto Futboleko Gipuzkoar Kopan irabazle izan ziren, eta Saizarrek horrek duen «meritua» azpimarratzen du. Izan ere, Berastegiren tamainako herri batetik ateratako talde batek horrelako emaitzak lortzea ez da hain erraza. Ligan zehar aurkari zuzena izandako Idiazabal garaitu zuten lehenik eta Anoeta gero. Hortaz, «oso gustura» geratu ziren lortutako emaitzarekin. Ibarran jokatu zen Kopa eta «uste baino jende gehiago» izan zuten bertan animo «asko» ematen. Horrek giro «polita» sortu zuela diote. Berastegin jokatu ez duten arren, jendea mugitzea lortu dutela diote, eta hori izan duten «mailagatik» dela diote.

Taldea lehen futbolean ibilitako herrikideen eta maila baxuagoetan ibiltzen ziren gazteagoen artean osatu zuten, baina hala ere, hasieratik helburu bezala zuten «goran borrokan» aritzea beste taldeekin: «Bagenekien gurea eginez gero ondo ibiltzeko aukera bazegoela».

Taldekide gazteenentzat aurtengoa «esperientzia desberdina» izan dela diote. Lehen adinekoen aurka aritzera ohituta zeuden, «nahikoa erraz» irabazten zuten eta orain aurkari helduagoak izan dituzte, baina hori eurentzat «hobea» izan dela diote, «presio gehiago» sentituta gehiago ikasi dutela uste dute. Helduagoak ziren, eta hortaz, esperientzia gehiago zutenentzat ere «polita» izan da esperientzia. Azken finean, elkarrengana «hurbildu» eta «laguntasuna» sortzeko baliagarria izan zaie. Aurtengo denboraldian Gipuzkoan «behin ere baino ekipo gehiago» atera direla, eta horrek ere «beste maila bat» hartzea eragin diete.

Gainera, aurten lehen aldiz Lauburu Berastegi izena hartu dute, izan ere, Berastegiko jokalekuak ez du balio, «neurriengatik». Horregatik, lehenagotik kontakturen bat izana zuten Laubururekin harremanetan jarri ziren taldea osatzeko. Oraingoz jokalari guztiak berastegiarrak izan badira ere, hurrengo urtera begira ibartarrei deia zabaltzeko asmoa dute. Orain arte Berastegin egin izan duten entrenamendua ere zabaldu, eta hurrengo urtera begira entrenamendu bat bertan egin eta bestea Ibarran egitea gustatuko litzaieke.

BERASTEGIKO «KASTA»

Talde bezala indargune bat azpimarratzekotan «gogoa» aukeratuko lukete. Kirola gustatzeak eta asteroko entrenamenduak «seriotasunez» hartzeak, «kasta» ateratzea eragiten du. Ahulgunea, berriz, aipatu bezala taldekideen gaztetasuna dela eta beste taldeekin alderatuta «esperientzia falta» sumatu dute.

Denboraldia amaitu eta atseden hartzea tokatzen zaie orain. Denboraldia «gogorra» izan dela diote entrenamenduengatik eta egindako joan-etorriengatik. Orain «atseden» hartu, eta beste gauza batzuetan aritzeko tartea hartuko dute; betiere kirola presente izanda.

Oraindik ez dute gelditu eta hausnarketarik egiteko tarterik hartu, eta hori dela eta, oraindik ez dira hurrengo denboraldian pentsatzen jarri. Taldekideek behintzat «gustura» amaitu dutela uste du Saizar entrenatzaileak, eta hortaz, hurrengo denboraldiari begira taldea osatzeko aukera izango dutela uste du. Orain arte bezala jarraitzeko «maila badago» bere ustez.

Bestalde, taldea indartzeko esperantza ere badute, indartu ahal izateko, bai herrian bertan edo baita Ibarran eskainiko den aukerarekin ere. Taldekideak ere jarraitzeko animoarekin daude: «Gustatzen zaigun kirol bat da, eta gainera, herrian talde bat izan badezakegu aurrera». Izan ere, herrian bertan jokatzeko aukera izatea «pozgarria» da.

Azkenik, «eskerrak» eman nahi dizkiete Laubururi eta Ibarra eta Berastegiko Udalari emandako laguntzagatik. Eta bereziki herriko «afizioari» partida oro eman dieten laguntza eta babesagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!