Gazta egiteko prozesua gertutik ezagutzeko aukera Berastegin

Maier Ugartemendia 2016ko api. 19a, 10:25

Urepele elkarteak larunbat honetarako antolatutako ikastaroan, herriko gaztagileen eskutik gazta nola egin ikasiko dute eta ondoren dastatzeko aukera izango dute

Berastegiko Urepele elkarteak hainbat hitzordu ditu datozen egun eta asteetarako. Larunbatean, hilak 23, 16:00etan, gazta egiten ikasteko eta dastatzeko aukera izango da biltokian, eta erakusle lanetan herriko gaztagileak izango dituzte bertaratzen direnek.

Antolatzaileen esanetan herrian «hainbat gaztagile» egonda, «interesgarria» izango litzatekeela herritarren aurrean egiten dakiten hori erakustea; Berastegin «etxe askotan» egiten baita gazta: «ardiak dauden etxe guztietan». Horregatik, gaztagileena jo zuten zer egin zitekeen galdezka. Erantzun positiboa jaso zuten eta gaztagileek laguntzeko prestutasuna adierazi zieten, euren esanetan esnetik abiatuta gazta egiteko prozesu guztia erakutsiko dute «sekretuak izan ezik»: «Gaztak zer prozesu duen, zer gatzari mota erabil daitezkeen, botatzen zaizkien hartzigarriak zer diren, mamia nola egin, moztu eta gazta nola egin horiek guztiak azalduko dituzte».

Gaztagileen esanetan, gazta egiterako orduan «garrantzitsua esne onarekin» lan egitea da, lehengaia baita, oinarria. Eta errezeta ere «antzekoa» izaten dela diote, nahiz eta «etxe bakoitzeko gazta desberdina» ateratzen den.

Ikastarora joaten direnek, esnea bertan izango dute eta taldeetan banatuta gazta bana egingo dute. Ikastarora joatera, agian behin ere gaztarik egingo ez duen jendea ere animatu nahi dute, besterik gabe jakin-mina izan dezakeen edozeini ere zuzenduta dago.

Ondoren, gazta dastaketa bat ere prestatu dute, ardi esnearekin egiten diren gazten artean «zein desberdintasun» dauden ikusteko.

Izena ematea ez da beharrezkoa, hortaz, interesa duenak 16:00etan «ikasteko gogoarekin» Urepelera joatea besterik ez du.

MENDI IRTEERAK

Asteburu honetan bertan, ostiralean, beste deialdi bat egin dute Urepelekoek, 21:00etan, auzolana antolatzeko.

Hurrengo hitzorduak, berriz, mendiari lotutakoak dira. Izan ere, batetik, apirilaren 30ean, larunbatean, Berastegitik Andoaingo Adarra mendira joateko asmoa dute, eta ondoren Xoxoka inguruko jatetxeren batean bazkalduko lukete. Ibilbidea eta jatetxea zehazteko badaude ere, izena emateko epea igande honetan amaituko da.

Bestalde, igandean amaituko da uztailaren 8an Berastegitik Lesakara joango direnek aterpetxean afaldu eta gaua pasa nahi badute izena emateko duten azken eguna. Iaz bezala, Berastegitik oinez joango dira Lesakara, hamaiketakoa Goizuetan eginez. Lotan geratzeko ez da beharrezkoa oinez joatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!