Gazte festetarako gogoz daude berastegiarrak

Maier Ugartemendia 2016ko mar. 17a, 19:00

Irudian, aurreko asteburuan jokatutako frontenis txapelketako une bat

Ostiral eta larunbatean gazte festak ospatuko dituzte Berastegin, Urepele elkarteak antolatuta

Urepele elkartearen urteko zitarik garrantzitsuena iritsi da. Pasa den asteburuan ekin zieten gazte festei, nahiz eta ospakizun nagusia asteburu honetan izango duten.

Miriam Lasarte, Iñaki Urkizu, Garazi Otxandorena eta Mikel Matxinea dira, besteak beste, antolatze lanetan ibili direnak. Pasa den asteburuan frontenis txapelketako finala eta mus txapelketa izan zituzten, eta asteburua «ondo» joan zela diote, «esperotakoa bete» zela. Frontenis txapelketan «inoiz izan den» parte hartzerik handiena izan dute aurtengoan. Banakakoan Endika Pelaez izan zen garaile, binakakoan nesketan Mireia Barriola eta Maddi Rekondo, eta mutiletan Iker Saizar eta Julen Garaiburu izan ziren, eta bikote mistoetan Aiora Lasarte eta Ibon Garaiburu.

Mus txapelketan hamabi bikotek eman zuten izena, lau bikotek egin zuten aurrera asteburu honetan jokatuko diren finalaurreko eta finalerako: Iñigo Gorostarzu eta Beñat Otegi, Xabi Mujika eta Asier Matxinea, Juan Luii Zubiria eta Egialde, Xabier Saralegi eta Aitor Otxandorena.

Elkartu eta mugitu

Gazte festak, San Jose egunaren bueltan antolatzen dituzte urtero Berastegin eta ondo pasatzeaz gain, adin ezberdinetako gazteak eta herriko jendea «mugitzea» ere helburu dute. Erabat finkatuta dagoen hitzordua da honakoa, eta antolatzaileen esanetan baita «jende gehien» biltzen duena ere, Sanlorentzoetan baino «gehiago» ere bai parrandan behintzat.

Antolakuntza gaztetxearen gain izaten da guztiz, juntakideek izaten dute ardura nagusia, nahiz eta festa egunetan eta aurretik jendearen «laguntza» ere jasotzen duten. Egitaraua osatzerakoan ekintza desberdinak antolatzen saiatzen dira, jendea «erakarriko» duten ekintzak.

Gonbidapen zabala

Kultur eta kirol taldea dituzte Urepele elkartean, eta urtean zehar «ahalik eta mugimendu gehien» sortzen saiatzen direla diote, herrian «giro pixka bat» sortzen. Baina, hitzordurik «garrantzitsuenetakoa» gazte festetakoa da.   
                                                                                                                          
Herritarren arteko futbol partida batekin emango diete hasiera asteburuko ekintzei, bihar ostirala. «Saltsa» eta «jokoa» sortzen du herritarren arteko lehiak eta horregatik urtero izaten dute horrelako desafioren bat. Jende gehien biltzen dun ekimenetako bat ere gaur izango da, izan ere, herri afarian 140 pertsona inguruk izena emana dute, eta adin ezberdinetako herritarrak biltzean giro «polita» sortzen dela diote.

Larunbatean, berriz, berrikuntza bat izango dute egitarauan. Herriko antzerki taldeari bakarrizketak egiteko «proposatu» zien, eta horrek jendea bilduko duela uste dute. Ondoren izango diren sagardo dastaketa eta toka txapelketa «ohitura» bilakatu dira Berastegin, eta aurtengoan duela urte batzuk herri bisitatu zuen eta herritar batek parte hartzen duen Senzala Euskadi capoeira erakustaldia ere izango dute.

Festarako gogorik ez dute falta berastegiarrek, eta eurak bezala festarako gogoa duen edonor «gonbidatu» eta «animatu» nahi dute gazte festetara joateko: «Denak ongi etorriak izango dira!».

EGITARAUA

MARTXOAK 18, OSTIRALA
18:00. Futbol partida: zaharrak gazteen kontra.
Ondoren. Triki-poteoa.
21:00. Herri afaria.
00:30. Gabezin-ekin erromeria goizaldera arte.

MARTXOAK 19, LARUNBATA
15:00. Mus txapelketako finalak.
17:30. Bakarrizketak herriko antzerki taldearen eskutik.
Jarraian. Kapoeira erakustaldia Senzala Euskadi taldearen eskutik, sagardo dastaketa eta tokarekin lagunduta.
00:00. Skabidean eta Guri5-en kontzertuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!