Herriko sarrera eta irteera bilakatuko den bidean ari dira lanean

Maier Ugartemendia 2016ko martxoaren 3a

Irudian, eskola aurrean hasi dituzten lanak

Berastegiko Udalak jakinarazi duenez, Maiazkonetik Zubizabaletarako bidean hasi dituzten lanek hilabete inguru iraungo dute, eta zenbait eragozpen sor daitezke

Berastegin plaza oinezkoentzat soilik izateko proiektua garatzen ari dira, eta horretarako bidean eman beharreko pausoen artean kokatu ditu udalak Maiezkonetik Zubizabaletarako bideko gune batean egun hauetan hasi dituzten lanak.

Plaza itxitakoan herriko sarrera eta irteera nagusia izango den errepidean «hobekuntzak» egiten ari dira Amaia Azkue alkatearen esanetan. Eskola parean hasi dira lanak, eta hilabetez luzatu daitezkeela uste dute.

Lanak egiten ari diren bidea, bi noranzkoa izango da eta hortaz, bi auto «ondo» sartzeko lanak izango dira. Horretarako, eskola aurrean dagoen bihurgunearen itxiera «gutxitu» egingo dute. Bestalde, irisgarritasunari lotuta bide guztian dauden espaloiak «hobetuko» dituzte, «harria altxatua edo puskatuta» dagoelako zenbait gunetan. Halaber, lan horiekin oinezkoei bide guztian espaloi edo zebrabideen bidez joateko aukera «bermatu» nahi zaie.

2014an udalak irisgarritasun plana onartu zuen, eta bertan agertzen diren «eginbehar» ezberdinak pixkanaka gauzatzen ari dira. Horregatik, lan hauek puntu horiek «hobetzeko» ere aprobetxatu nahi izan dituzte, «herritarren ongizatea bermatzeko».

Errepidean egiten ari diren lanek oztopoak sor ditzakeela jakinarazi du udalak: «Herrigunean dagoen eta mugimendua duen leku bat da». Horregatik, herritarrei sor daitezkeen aldaketa horien aurrean «lasaitasuna» eskatu diete udaletik, «iraupen gutxiko lanak» izango baitira.

Behin, lehen egina zuten aparkalekuarekin eta orain bidea egokituta, plaza oinezkoentzat izan dadin, ixteko bidean «gauza txikiak» egitea besterik ez zaio faltako udalari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!