Ingurumen ziurtagiri bat jaso du Munksjö paper fabrikak

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 17a, 10:15

Irudian, erdian Munksjo enpresako ordezkariak ziurtagiria jasotzen.

EMAS ingurumen kudeaketako sistemarekin hamabost urte baino gehiago emateagatik urrezko ziurtagiria jaso zuen Elduako Munksjö paper fabrikak, otsailaren 2an

Elduako Munksjö paper fabrikak EAEko EMAS ingurumen ziurtagiria jaso du, eta ziurtagiri horren bitartez Eusko Jaurlaritzak enpresa eta erakundeek ingurumen-kudeaketaren arloan egiten duten lana aitortzen du.

Ziurtagiri horrek «Europar Batasunak ingurumen-kudeaketako sistema bat ezarri duten eta etengabe hobetzeko konpromisoa hartu duten erakundeak» aitortzen ditu.

Ekitaldia otsailaren 2an egin zen Lehendakaritzan, eta besteak beste, bertan izan ziren Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politiketako sailburua. Gainera, ekitaldi berezia izan zen Europako EMAS ingurumen kudeaketako sistemaren 20. urteurrena zelako.

URREZKO ZIURTAGIRIA ELDUARA

Elduako Munksjö paper fabrika izan zen ziurtagiria jaso zuen enpresetako bat, eta urrezkoa izan zen euren saria. Izan ere, EMAS sisteman gutxienez hamabost urte daramatzaten EAEko hiru enpresen artean dago Elduakoa. Gainerako erakundeak beste hiru taldetan banatu dira; sistemarekin bat egin berri dutenak, bost urte daramatzatenak eta hamar urte daramatzatenak.

Munksjö paper fabrikako Juan Jose Odriozolak eta Aitor Mierrek parte hartu zuten Lehendakaritzako ekitaldian.

Iñigo Urkullu lehendakariak «ingurumen-indartzat» jo zituen ekitaldira bertaratutako erakundeak, eta, nabarmendu zuenez, «10.000 planta erregistratu inguru dituzten 2.887 erakundek duten eraldaketa-gaitasuna oso faktore garrantzitsua da, eta administrazio publikoek aintzat hartu behar dugu garapen-eredua aldatzeko hasi dugun prozesuan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!