Irisgarritasuna hobetzea, udalaren 2016ko proiektu nagusien artean

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 20a, 10:24

Errepidea eta oinezkoen espaloiak berrituko dituzte epe motzean

Milioi bat eurotik gorako aurrekontua du Berastegiko Udalak 2016rako

2016ari begira ari dira jada lanean Berastegiko Udalean. Urtea amaitzerako abenduaren 28an, urteko azkeneko ohiko plenoan, onartu zuten aho batez 2016ko aurrekontua; lehenago Herri Batzarrean herritarrekin gaia landu eta onarpena eman eta gero.

2016ko aurrekontua 1.080.115 eurokoa da, Amaia Azkue alkatearen esanetan iaztik «pixka bat» hazi dena, iaz baino «65.000 euro gehiagokoa».

Udalaren diru sarrera nagusiak «herena litzatekeena Aldundiak ematen duen laguntzatik, foru funtsetik», Azkueren esanetan. Gainerako diru sarrerak herritarren zergetatik eta enpresen zergetatik biltzen dute, nagusiki.

Gastuei dagokienez, berriz, «heren bat» udal eraikinen «mantenurako» gastatzen da. Beste «heren bat» pertsonal gastuei dagokiena da, «zerbitzu horiek emateko behar ditugun pertsonen kostua litzateke». Falta den herena beste hainbat kapitulutan eta gastutan banatuko litzateke: «Maileguen interesak ordaintzen, horien interesak, amortizazioak...».

170.000 eurotako inbertsioak

Gastuetan inbertsioen atalak garrantzia handia du, bertan zehazten baitira 2016ari begirako proiektuak. Berastegiko Udalak aurten «170.000 eurotako partida» jarri du inbertsioetarako. Nahiz eta urtean zehar ere «behar puntualei erantzuteko» bestelako aukerak ere badauden. Gainera, urtea amaitzearekin batera 2015eko likidazioa egiten du udalak eta bertan sortzen den «poltsatsoarekin», kreditu aldaketa bidez bestelako inbertsioak egiteko aukera ere izango lukete.

Edonola ere, orain arte aurreikusi dituzten inbertsioen artean, arlo ezberdinei eragiten dieten proiektuak aurreikusten dituzte. Batetik, iaztik lortuta dituzten zenbait diru laguntzekin batera «udaletxeko bi eraikinetan azterketa energetiko bat» egitea da. Azterketa horrekin udalarentzat eraikin horien gastua «bideragarria» izan dadin zein neurri hartu beharko lituzketen jakingo lukete.

Bestetik, udalak egina duen irisgarritasun planari lotutako proiektuak dituzte. Berastegiko plaza ixteko proiektua aspalditik garatzen ari da udala herritarrekin batera. Plaza itxi eta gero «errepide nagusia» izango duten horretan «hobekuntzak» egitea aurreikusten dute «epe motzean». Horrez gain, irisgarritasunari begirako zenbait puntu hobetzeko ere aprobetxatuko dituzte lan horiek: «Espaloiaren hobekuntza, oinezkoak gurpildun aulkiarekin edo haurren aulkiarekin erosoago eta seguruago joan daitezen».

Halaber, autobus geltokia egokitzeko proiektua ere burutuko dute 2016an Berastegin. Azkueren esanetan plazatik aterako dute geltokia.

Eta azkenik, herriko frontoian «egokitzapenak» ere egin nahi dituzte. Zenbait urtetan margotu egin izan den arren, hobekuntzak egin gabe «urte asko» daramatzala dio Azkuek. Hoditeriekin dituzte arazoak bertan, eta horiek konpondu arte bestelako txukuntze lanak egitea alferrikakoa dela uste du Azkuek. Horregatik, 2016 honetan beharrezkoak diren lan horiek egitea aurreikusten dute.

Urtean zehar sor daitezkeen bestelako inbertsioak geratzen den poltsatik eta diru laguntzetatik egitea aurreikusten dute.

Udalaren zorra «jasangarria»

Berastegiko Udalak egun duen zorra udal eraikina berritzeko eskatu zen maileguarena da. Hala ere, Azkueren esanetan udalak duen zorra «kontrolatua» eta «jasangarria» da. Hain zuzen ere, maileguaren amortaziorako eta maileguaren interesetarako «aurrekontuaren zati bat» bideratzen dute. Zorraren «heren bat» likidatuta dute, eta beste hamar urteko epea dute «zor hori kitatzeko».

Berastegiko Udala «saneatuta» dagoen udala dela dio Azkue alkateak.

Edonola ere, «gustura» dago Azkue aurrekontua onartzea 2015ean bertan lortu zutelako. Gainera, kopurua «pixka bat» igotzea ere lortu dute eta horregatik «pozik» daude. Bestalde, EH Bilduko udal taldearen proposamena alderdi jeltzaleak osatzen duen oposizioak «babestu» izanak ere, udalari «hobeto funtzionatzea» eragin diezaiokeela uste du, eta alde horretatik ere «gustura» daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!