Mahai inguruan bilduko dira berastegiarrak gaztainak jateko

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 3a, 10:08

Larunbatean gaztaina bazkariaz gain, bertso triki poteoa eta bertso saioa izango dituzte

Abenduaren 5ean, gaztaina bazkari herrikoia antolatu dute Berastegin. Urte batzuk badira gaztain jate hau ospatzen dela, Lierni Garziarena kultur taldeko kide eta Urepele biltokiko juntakideak azaldu duenez «urte dezente» dira jada, eta urte amaierako «zitarik garrantzitsuenetako bat» izaten da.

Bazkariaren aitzakian herrian «giroa» sortzen da. Gainera, lehenagotik ere giro hori aprobetxatuz iaz herrian «gaztaina dezente» izaten denez, bazkariaren aurretik inguruan dauden gaztainak biltzea erabaki zuten, erosi beharrean.

Aurten ere errepikatu zuten irteera, baina iaz baino goizagoa, zeren orduan berandu xamar joan eta gaztainak «pasata» zeudela ikusi zuten. beraz, aurten urrian biltzea erabaki zuten. Gainera, uzta ona izango zen zeren «jende asko» bildu zen irteeran, eta «behar baino gaztaina gehiago» bildu zituzten.

Egunari dagokionez, larunbaterako, ospakizun betea antolatu dute. 12:00etan herrian zehar egingo duten bertso triki poteoarekin ekingo diote egunari. Bertan eta bazkal ondoreneko bertso saioan Iñigo Gorostarzu 'Etxorde' herritarra eta Jexux Mari Irazu ariko dira bertsotan. 14:00ak inguruan udaletxeko erabilera anitzeko gelan bilduko dira bazkaritarako, eta bazkariaren ondoren, bertso saioa izango dute.

Urte guzti hauetan bazkarian biltzen den herritar kopurua aldatzen joan bada ere, Garziarenaren esanetan iaz urte «oso ona» izan zen eta laurogei lagunetik gora bildu ziren bazkarian. Kopuruarekin «oso gustura» gelditu ziren, eta aurten ere kopurua mantentzea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!