Euskararen Eguna 2015

Euskara herrian bertan ikasteko aukera

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 2a, 12:02

Berastegin, maila baxuko ikasleak astelehen eta asteazkenetan biltzen dira euskara ikasteko

Aurten euskara ikasteko bi talde jarri dituzte martxan Berastegin, bata hasierako mailakoa eta beste aurreratuagoa; ikastaroen balorazio «positiboa» egiten du udalak

Berastegin duela urte batzuk euskara ikasteko aukera izan bazen ere, aurten berreskuratu dute aukera hori. Amaia Azkue alkateak azaldu bezala, orain arte herritarrei euskara ikasteko «diru laguntza» eman zaie, baina aurten ereduz «aldatu» dute, Uemak egindako proposamen batetik, herrian bertan eskainiz aukera. Helburu nagusia Berastegin euskaraz bizi ahal izateko eragozpenak dituztenei «euskara ikasteko eta praktikatzeko» aukera ematea da.

Herritarrengandik jasotako erantzunari dagokionez, Azkuek balorazio «positiboa» egiten dute. Hasiera batean, hogei pertsonak eman zuten izena, eta baldintza ezberdinengatik hamabi pertsonak jarraitu dute aurrera, bi taldetan.

Jaione Rodrigez da bi taldeetako irakaslea, Andoaingo AEK-tik joaten da Berastegira. Urrian hasi zituzten klaseak, eta bi talde osatu dituzte maila ezberdinetakoak Rodrigezen hitzetan: «Bata maila baxukoa, zerotik hasi direnak. Bestea, akatsak egiten dituztenak baina nahikoa ondo moldatzen direnak». Zero urratseko taldean Nigeriatik duela bi hilabete Berastegira etorri zen pertsona bat dago, eta Rodrigezen ustez nabari da «gure arteko bizimodua eta leku izenak» ez dituela ezagutzen, eta hortan nabari da alde gehiago.

Astelehen eta asteazkenetan elkartzen dira zero urratsekoak, eta astearte eta ostegunetan maila altuagokoak, bi ordu eta erdi eguneko. Horregatik, Rodrigezen ustez «aitortu behar zaie egiten duten alegina». Herrian bertan euskara ikasteko aukera izateak, «gertutasuna» dela eta ikasleak euskara ikastera animatzen dituela uste du.

Ikasleak «gustura»

Maila baxuko taldean ikasleak euskara klaseetan «gustura» sentitzen direla diote. Guztiak Berastegin bizi badira ere, beste herri edo herrialde batzuetatik etorritakoak dira: Mozambike, Salamanca, Nigeria, Bilbo eta Donostiatik.

Irakasleak erabiltzen duen metodoa ere gustuko dute, izan ere, gauzak «behin eta berriro» errepikatzen dituztela diote, eta horrek etxera etxeko lanak ez eman behar izatea eragiten du.

Ikastera etortzeko arrazoi ezberdinak dituzte ikasleek. Batzuek, lanerako «beharrezkoa» dela uste dute. Beste batzuek Berastegin euskara «asko» hitz egiten denez, jendea «ulertzeko» ezinbestekoa dela uste dute, eta euskaraz hitz egiteko aukera ere izan nahi dute, bai herritarrekin eta baita beraien inguruan dituzten pertsonekin ere. Seme-alabei «laguntzeko» ere ezinbestekoa dela uste dute beraietako batzuk.
Euskara herrian bertan ikasteko aukera bereziki gustuko dute «erosoa» delako, bestela Tolosara edo Andoainera joan beharko bailukete euskara ikastera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!