Azoka egunarekin agurtuko dute kultur astea

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 30a, 09:27

Bigarren txanpan barneratuta dabiltza Berastegiko kultur astean. Egitarau potoloa osatu zuten aurtengo eta pasa den asteburuan ekin zieten lehen ekimenei.

Mirari Saizar Kultura zinegotziak azaldu duenez aurreko asteburuaren balorazio «ona» egiten dute. Pintxo potea eta Xendarineko ahizpen kontzertua izan ziren ekitaldirik jendetsuenak. Mus txapelketan 14 bikotek parte hartu zuten; irabazleak Xabier Egialde eta Juan Luis Zubiria izan ziren.

Kultur astearen bigarren txanpari atzo ekin zioten Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendia ibartarren Biziabentura Hegoamerikan ikusentzunezkoarekin.

Gaur, berriz, haurrentzako jolasak, Jakoba Errekondoren hitzaldia eta Xalbadorri buruzko dokumentala izango dituzte. Saizarren esanetan, «apustu nabarmena» Errekondoren bisita izan da, liburu berria aurkeztuko du. Lehen ere izan da Berastegin, eta beti «sekulako arrakasta» izan du «bai herritarren artean eta baita inguruko herrietakoen artean ere». Larunbatean Urepele elkartetik jasotako ideia bat gauzatuko dute, ogia egiteko tailerra. Eta iluntzean Eresargi abesbatza.

Azoka eguna

Igandea, azoka izango dute, eta Saizarrek dioen moduan jendeak «gehien estimatzen» duen eguna da. Herriko «baserritar, artzain eta gaztagileek euren burua erakusteko» aukera izaten dute, eta «sekulako indarrez eta gogoz» prestatzen dituzte euren postuak. Herritarrei «bultzada bat» emateko aukera bezala ikusten dute. Hortaz, postuak jartzen dituztenentzat eta ikustera joaten direnentzat «zita berezia» da.

Goizean «25 postutik gora» izango dira pilotalekuan; baita animalien eta argazki rallyko argazkien erakusketa ere. Azokarekin batera lehiaketa ezberdinak ere izango dituzte. Tartean XXIV. Gazta Lehiaketa. «12-13 gazta inguru» lehiatu izan dira azken urteetan. «Sekulako zifra» dela uste du Saizarrek, eta horregatik hori ere bultzatzen jarraitzeko asmoa dute. Gainera, «ikusmin handia» sortzen du. Bestelako lehiaketetan ere herritarren parte hartzea «gora» doa urtez urte.

Kultur astea

BIHAR, URRIAK 31

16:15etik aurrera. Industria parkea Kulkiren eskutik, eskola atarian. Tartean txokolate jatea.

18:30. Bizi baratzea liburuaren aurkezpena Jakoba Errekondoren eskutik, erabilera anitzeko gelan.

22:00. Xalbador, izana eta izena dokumentala, erabilera anitzeko gelan.

URRIAK 31, LARUNBATA

10:30. Ogia egiten ikasteko tailerra, Egoitz Iñurrita eta Olatz Etxeberriaren eskutik, Urepele biltokian.

19:00. Eskola Gurutziaga abesbatzaren emanaldia, erabilera anitzeko gelan.

AZAROAK 1, IGANDEA

Goizean. XVII. Azoka eguna izango da eta bertan herriko produktuak: barazkiak, gozokiak, gazta, eztia, eskulanak, etab.

13:30. Lehiaketa guztietako sari-banaketa.

18:00. Talo jana eta goizeko lehiaketetako gazta eta arroz-esneen dastaketa; ardoak eta sagardoak lagunduta. Tartean, Teresa eta Sara Caminos trikitilariak.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!