Argazki kamarak zorrotik ateratzeko garaia iritsi da

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 7a, 11:48
Iazko argazki rallyko digitaleko irabazlearen argazkia. JOSE MARTIN

Berastegiko argazki rallyko edizio berri bat jarriko da martxan bihar; 20:00etan, udal bulegoetan eman beharko da izena parte hartzeko

Jada erabat finkaturik dagoen Berastegiko argazki rallyaren edizio berri bat martxan jarriko dute bihar. Hamahirugarren edizioa da honakoa, eta bihar emango diote hasiera. Parte hartzaileek, 20:00etan udal bulegoetara joan beharko dute izen ematera. Amaiera, berriz, urriaren 12an, astelehenean, emango diote, 20:00etan, udal bulegoetan.

Urtero bezala, argazkilariek bi modalitatetan parte hartzeko aukera izango dute, argazki kamara analogikoarekin edo kamara digitalarekin. Argazkiak ateratzeko gaia izena emateko egunean jakinaraziko zaie parte hartzaileei.

Modalitate bakoitzean parte hartzeko baldintzak ezberdinak izango dira. Analogikoarekin, parte hartzaileei hamabi argazkiko karrete edo txirrika  bana banatuko zaie. Argazkiak Berastegiko mugen barruan atera beharko dituzte, eta ateratako hamabi argazkietatik hiru aukeratu beharko dituzte. Urriaren 12an jakinaraziko zaie, noiz egingo duten aukeraketa hori.

Argazki kamara digitalarekin parte hartzen dutenek ere, herriko mugen barruan atera beharko dituzte argazkiak. Gainera, ezingo dituzte argazkiak programa ezberdinekin manipulatu (photoshop,picassa, etab.). Kasu honetan, aukeraketa amaierarako egina izan beharko dute parte hartzaileek, eta amaieran, udal bulegoetara USB batean aukeratutako hiru argazki eman beharko dituzte.

Sariak azoka egunean

Parte hartzaileen argazkien artean, epai-mahai batek aukeratuko ditu onenak, eta kultur astearen barruan, azaroaren 1ean, egingo den azoka berezian ezagutaraziko dira saridunen izenak.

Hain zuzen ere, argazki rallyan parte hartu duten argazki guztiak kultur astean zehar aparkaleku azpiko lokalean egongo dira ikusgai.

Honenbestez, kultur batzordeak herritar guztiak parte hartzera «animatu» nahi izan ditu

Iazko argazki rallyko irabazlea, analogikoan. JAIONE BARRIOLA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!