Alkateei elkarrizketak

Amaia Azkue: «Udaletxea erdigunea izatea nahiko genuke»

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 7a, 11:03

Aurreko legealdian alkateorde izatetik, oraingoan alkate izatera igaro da Amaia Azkue. Gainera, udalbatzan EH Bilduko ordezkariak izatetik, sei EH Bilduko eta hiru EAJko izatera igaro da udala.

Hilabete batzuk igaro dira alkate kargua hartu zenuenetik. Zer balorazio egiten duzu?
Hiru hilabete daramatzagu udalean legealdi honetan. Ekainean hartu genituen karguak; tartean uda izan da eta udaletxeko martxa pixka bat jaisten da. Irailetik hasi gara udalean eta eskualdean gehiago kokatzen. Baina, orain arte balorazio oso positiboa egin behar dugu.

Aurreko legealdian alkateorde izan zinen. Legealdi horren zer balorazio egiten duzue?
Balorazio oso positiboa egin du talde guztiak. Udal taldea Bilduko bederatzi hautetsik osatzen genuen, eta denok berriak ginen. Erabaki ausarta izan zen. Funtzionamendua aldatzea zen helburua eta lortu genuela uste dut .

Legealdi honetan alkatea liberatzea erabaki duzue. Zergatik?
Ikusten genuen lan zama handia dela. Liberazioak proiektu guztiak gauzatzeko prozesuak azkartuko zituela ikusi genuen. Batik bat, eguneroko ohiko lan orduak eta udaletxeari bideratu behar zaizkionak ziurtasunarekin emateko gehiegi dela uste dugu.

Legealdi honetan oposizioa duzue. Zer moduzko harremana duzue?
Harremanak onak dira, errespetuzkoak. Batzordeetan eta ez-ohiko eta ohiko plenoetan elkartu izan gara. Oposizioan hiru kide daude, alderdi jeltzalekoak eta beraiek ez dira herrian bizi. Hortaz, egunerokotasunaz beraiekin hitz egitea zailagoa da. Guretzat bai izan da aldaketa. Oraingo EH Bilduko sei hautetsietatik bost aurreko legealdian egondakoak gara, eta funtzionamendua ezagutzen dugu.

Herritarrek udaleko erabakietan parte hartzen jarraitzea jarri zenuten helburu. Posible al da lortzea?
Parte hartze dinamikak aurreko legealdian jarri genituen martxan. Erabaki guztiak denen artean hartzea gustatuko ltzaiguke, batzuetan zaila da erabaki batzuk unean hartu behar direlako. Baina, aurreko legealdian pare bat parte hartzea prozesu jarri genituen martxan, eta beti jende gehiagok parte hartzea nahi baduzu ere, parte hartu dutenak gustura badaude eta herritarrek aportatutakoa aurrera eramaten badugu positiboa da, eta aurrera jarraitzeko gogoa ematen dizu.

Zeintzuk dira datozen lau urteetarako zuen helburu nagusiak?
Aurreko legealdian udaletxea berritu genuen, herriko mugimenduaren erdigunea izatea nahi genuen. Legealdi honetan ere indarra eman nahi diogu eraikinari. Aurreko legealdian bi solairu jarri genituen martxan; bata erabilera anitzeko gela eta bestea administraziokoa. Goiko kultur solairua martxan jarriko dugu epe motzean. Liburutegia eta Kz Guneaz gain, bertan kokatu nahi ditugu helduentzako diren ikastaro asko. Elkarteei gela partekatu batzuk jarriko dizkiegu eta gela bat badago klasea emateko prest. Beheko solairuko obra, berriz, abenduan amaituko da eta mediku eta erizaintza kontsulta bertara eramango dira. Hain zuzen, egun kontsulta dagoen eraikina, Kz Gunea eta artxiboa hutsik geratuko dira eta herriarenak direnez herriari eman nahi diogu hitza, zer erabilpen eman erabakitzeko. Beste proiektu garrantzitsua Ategiko eremukoa da. Herriko gazteentzako etxebizitzak martxan jarri nahi ditugu. Plaza ixteko proiektua ere hor dugu eta baita iaz onartu genuen irisgarritasun planeko proiektuak ere.

Carlos Urkijoren salaketa jaso zenuten Ueman sartzeko erabakiaren aurka. Zer gertatuko da?
Salaketa bat baino gehiago jarri dizkigu. Uemakoari dagokionez sententziaren zain gaude. Nik uste dut guztiz zilegi dela bertako kide izatea, eta ez dut uste epaitegietatik horren aurkako erabakirik etorriko zaigunik. Udalek aktak euskaraz bidaltzeko eskubidea dutela jakinarazi eta gero nik uste dut epaia gure aldekoa beharko lukeela, baina itxaron egin behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!